Txistua eta dantza protagonista, San Roke eguneko ospakizunetan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 19a

Boni Agirresarobe txistulari hernaniarra (erdian) omendu zuten Aranoko San Roke egunean, plaka oroigarria eskainita.

Betiko giro ederra izan zen Aranon, eta dantzan borobildu zituzten asteburuko festak Santiomendin.

Igandearekin tokatu da San Roke eguna aurten, eta ondo aprobetxatu zuten aranoarrek eta astigartarrek, jaieguna txistu-doinu eta dantza artean ospatzeko.

Ohi bezala, txistulariek hartu zuten herria girotzeko ardura Aranon, goiko herriko plazan elkartuta, elizako kanpai-hotsen artean. 13 txistulari bildu ziren oraingoan, herri ezberdinetatik etorrita: Garbiñe Tijero, Patxi Apezetxea, Boni Agirresarobe eta Joseba San Sebastian hernaniarrak, Jexux Loiarte goizuetarra, Juanmi Saizar leitzarra, Modesto Lasa aresoarra, Joseba Tobes iruindarra, Felix Azpiroz berastegiarra, Joseba Tobes iruindarra, Alejandro Egurbide getariarra, Juan Antonio Laboa pasai donibanetarra, Paulo Ormazabal legazpiarra eta Jexux Pagola usurbildarra.

Lepo bete zen San Roke ermita ohiko mezarako, eta hamaiketakoa egin zuten kanpoaldean ondoren, txistulariek girotuta. Bertan egin zioten omenaldia Boni Agirresaroberi, plaka oroigarria eskainita, San Roke eguneko festan hainbeste urtez parte hartzeagatik. Ez zen txistu-doinurik falta izan elkarteko bazkarian ere, festa giro ederrean borobiltzeko.

 

Ohiko ospakizun goxoa, Santiomendiko ermitan

Astigarragan ere, bazkari he­rrikoiarekin jarri zioten erre­matea, San Roke egunari ez ezik, baita Santiomendiko Jaien asteburuari ere. Larunbatean egun osoko festa izan zuten auzoko kaxkoan, eta igandean ermitara mugitu zuten ospakizuna, ohi bezala. Meza egin zuten bertan, eta ondoren Txirrisklako txistulariek hartu zuten hitza, Astigar taldeko dantzariei erritmoa markatzeko. Ermitaren aurrean eskaini zuten saio tradizionala, bertaratuen gozamenerako.

Ondoren, aipatu bezala, bazkari herrikoia egin zuten Santiomendin ere, eta dantzari ekin zioten berriro arratsaldean, eguna bukatzeko, Ken Bat taldeak gidatutako dantzaldiarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!