Aldundiak 1,43 milioi euro bideratuko ditu, gizarte-erakundetara

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 16a

Gipuzkoan dauden 191 erakundek suspertutako 313 programa babestuko dira. Urumea bailaran kokatuta daude horietako batzuk. Diru- laguntzen bidez arreta, inklusioa, autonomia eta aukera-berdintasuna sustatuko da.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei zuzendutako urteko dirulaguntza-deialdia ebatzi du. Guztira, 1.432.991 euro bideratuko dira Gipuzkoa osoko ia 200 erakundek bultzatutako 313 programa babestera. Hernanin eta Astigarragan, besteak beste, gisa horretako erakundeak ditugu Maitelan, AMHER edota Pausoka.

Laguntzen bidez, askotariko kolektiboei zuzendutako egitasmoak sustatuko dira: adinekoei, haur eta nerabeei, desgaitasuna duten pertsonei, osasun mentaleko arazoak dituztenei, gaixotasun kroniko edo arraroak dituztenei, familiei, migratzaileei, indarkeria matxistaren biktimei eta gizarte- bazterkeriako egoeran edo arriskuan daudenei zuzendutakoak, besteak beste. Era berean, prebentzioa, sentsibilizazioa, boluntariotza eta gizarte-berrikuntza sustatzen dituzten ekimenek ere babesa jasoko dute.

Deialdia hiru jarduera-ildoren inguruan antolatu da. Lehenengoak, 1.082.991 euroko zuzkidurarekin; «pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin egiten den gizarte-eskuhartzea laguntzen du». Bigarren ildoak, 250.000 eurorekin, «gizarte-arazoen inguruko sentsibilizazio eta prebentzio-ekimenak finantzatzen ditu». Hirugarrenak, berriz, 100.000 euro bideratuko ditu «ikerketa eta gizarte-berrikuntza sustatzera, gizartearen behar berriei aurrea hartu eta ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako erantzun berriak garatzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!