Uztailaren 30etik pasa den astelehenera (abuztuak 10) bitartean, sentsibilizazio kanpaina bat jarri zuten abian Hernaniko Udalak eta Ereñotzuko Auzo Udalak, elkarlanean. Egun horietan zehar, Fagollagako aparkalekuko gune hesitu batean, Urumea ibaiko bazterrean aurkitutako zaborra pilatzen joan ziren, hondakin-meta bat osatuz.
Helburua zen Urumea ibaiko bazterretan hondakinen kudeaketarekin sortzen diren arazoak agerian uztea; izan ere, ohikoa da jende mordoa dabilen egunen ostean zaborra bazter batean pilatuta ikustea, edo gaizki sailkatua egotea.
Orain arte hondakin guzti horiek jaso egin ohi ziren, baina «egoeraren larritasuna ikusita», udalek erabaki zuten denbora batez ez jasotzea, «bisitari guztien begiek Urumea ibaiak oso denbora gutxian jaso dezakeen hondakin kopuru haundiaren lekuko izateko».
Horrela, udalek aldarrikatu dute bailara ez dela egun bateko kontua, denona dela, eta beraz ardura ere denona dela: «Gozatu nahi badugu, zaindu egin behar dugu: hondakinak etxera eraman, ez piztu bozgorailurik, bazkaria etxetik eginda ekarri eta ez piztu sua, bideak libre utzi eta naturak bere erritmoan jarrai dezan lagundu. Naturak ez du garbitzailerik. Guztion ardura da hondakinak bertara ez iristea».