Iritsi da Eguzki-eklipsearen eguna, eta Urumea bailaran %99,6an ikusiko da

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 12a

Chillida Lekuk irekiera berezia egingo du, eklipsea ikusteko.

Garrantzitsua da oso, homologatutako betaurrekoak erabiltzea, bailarako puntu ezberdinetan lortu daitezkeenak. Bestela, begiek lesioak sufritzea posible da, eklipsera zuzenean begiratuz gero. Chillida Lekun zita berezia preparatu dute, fenomeno astronomiko historiko hau bizitzeko.

Aspaldiko astronomia-ikuskizunik haundiena biziko dugu gaurkoan: Eguzki eklipse bat ikusiko da Urumea bailara osotik: Hernanitik, Astigarragatik, Ereñotzutik, Goizuetatik zein Aranotik. Ilargia Eguzkiaren aurretik pasako da, eta gure eskualdean %99,6 estaliko du: ia gau bihurtuko da arratsaldea, une batez. 

Ordutegia, gurean: 19:31etan hasi, 20:27etan gorena, eta 21:15ak aldera amaitu. Eguzkia oso baxu egongo da ordurako, mendebalde-iparmendebaldera, zerumugatik 8 gradu eskasera. Horregatik, tokia aukeratzea da erdia: horizonte garbia behar da norabide horretan, muino bat, soro zabal bat, ibarraren goiko aldea...

Halakorik ez da askotan gertatzen: 1905az geroztik ez da eklipse erabateko bat ikusi penintsulatik, eta hurrengo aukera 2027ko abuztuaren 2an izango da. Gorenaren inguruan argia nabarmen ilunduko da, tenperaturak behera egingo du eta baliteke txoriak isiltzea, iluntzea dela sinetsita. Beste bitxikeria bat: zuhaitzen azpian jarrita, hostoen arteko zirrikituek ehunka eguzki-igitai txiki proiektatzen dituzte lurrean, eklipsea zeharka ikusteko modurik politena. Etxean ere egin daiteke: kartoi bati zulotxo bat egin eta irudia paper baten gainean proiektatu.

Eta gauza bakarra ezin da egin: Eguzkiari zuzenean begiratu, babesik gabe, ezta segundo batez ere. Estalketa ia erabatekoa izanda ere, geratzen den printzak betsarea betiko kaltetu dezake, minik eman gabe. Eguzkitako betaurrekoek, erradiografiek, CDek edo mugikorrak ez dute babesten; ISO 12312-2 arauaren araberako betaurreko homologatuek bakarrik, une oro jarrita. Erabatekotasuna (% 100) ikusi nahi duenak ordubete inguruko bidaia du Gasteiz, Logroño edo Burgos aldera; han bakarrik, erabatekotasunaren minutuan soilik, ken daitezke betaurrekoak.

 

Betaurreko homologatuak  lor daitezke, bailarako  puntu ezberdinetan

Betaurreko homologatuak bailaran lor daitezke, hainbat farmazia zein optikatan. Agortzen ari dira, baina Hernaniko hainbat saltokitan ere eskuragarri daude, 2 euroan: Mahuka arropa denda, Ibai Mendi, Harresi taberna, Kixkal taberna eta Txoko taberna.

Goizuetako Udalak, bere partetik, 67 betaurreko jarri ditu herritarren eskura. Udaletxean bertan daude, eta pertsona bakoitzak gehienez bi eraman ahal izango ditu.

 

Irekiera berezia egingo du eklipserako, Chillida Lekuk 

Chillida Lekun zita berezia jarri dute gaurko, 2053ra arte errepikatuko ez den eta 1912tik gertatu ez den fenomenoa ikusteko. «Zoragarria litzake Chillida Leku bezalako ingurune paregabe eta berezian bizi ahal izatea Eguzki eklipsea», diote museotik. 

Arratsaldeko 19:00etan zabalduko dituzte museoko ateak. Gomendatu dute, halaber, bakoitzak bere homologatutako betaurrekoak etxetik ekartzea; izan ere, Chillida Lekun izango dira salgai, baina kopurua mugatua da, eta guztiak salduz gero, arriskua dago batenbat gabe geratzeko.

Giroa lasaia izango da, Chillida Leku bezalako toki batek hori bermatzen baitu. Hori bai, lasaitasun horren barruan, giroa jendetsua ere izango da, sarrerak orain dela egun batzuk agortu baitziren.

Gainera, Lurra kafetegia irekita egongo da ekitaldian zehar, kafetegi zerbitzuaz gozatu nahi dutenentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!