Ezkurra, Buruz Buruko Txapelketako ligaxka nagusira sailkatu da

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 11

Buruz Buruko Txapelketaren aurkezpena, Chillida Lekun.

Aurreligaxkako finalean menderatu zuen pasa den larunbatean Kemen Aldabe, 30-28.

Jaialdi polita bizitzeko aukera izan zuten Galarretara hurbildu zirenak, pasa den larunbatean. Partidu berdinduak izan ziren jokatuziren hirurak, emozioz betetako partiduak. Horien artean, final bat jokatu zen, Buruz Buruko Euskolabel Txapelketako aurreligaxkarena, alegia. Ireki zuten jaialdia Oriamendi Txapelketako erremontistek. Menderatu zituzten Julen Deskarga hernaniarrak eta bere kide Eskuderok, Aiestaran VII-Ugarte kideak. Eta itxi zuten jaialdia ikuskizun partiduarekin: Goikoetxea V-Barrenetxea IV 2-1 Segurola-Azpiroz.

Josetxo Ezkurrak eta Kemen Aldabek jokatu zuten norgahiagoka, 30 tantora. Eta Ezkurra IIa izan zen lehena, 30 tantora iristen. Ez zen urrun gelditu Aldabe halere, emaitza 30-28koa izan baitzen. Horrela, Buruz Buruko Txapelketaren ligaxkako laugarren parte-hartzailea izango da Ezkurra, jada sailkatuak zeuden Endika Barrenetxea hernaniarrarekin, Aritz Juanenearekin eta Xabier Azpirozekin batera. 

Buruz burukoaren formatuari dagokionez, 30 tantoko partiduak jokatuko dituzte parte hartzaileek, denek denen aurka. Helburua: aurkaria baino lehenago egitea 30 tanto horiek. 30 tanto egiten dituen erremontistak, 4 puntu batuko ditu ligaxkako sailkapenerako, 27-29 tanto egiten dituenak 2 puntu, 24-26 egiten dituenak puntu bat, 17-23 egiten dituenak 0 puntu, eta 16 tanto edo gutxiago egiten dituenak -1 puntu. 

Horrela, ligaxkako lehen sailkatuak finala jokatuko du zuzenean, finalerdiko irabazlearen aurka; bigarrenak eta hirugarrenak finalerdia jokatuko dute, eta ligaxkako laugarrena kanporatua izango da. Bi erremontisten artean puntu berdinketarik egonez gero, bi pelotari horien arteko partidua irabazi duena sailkatuko da hurrengo fasera. 3 edo 4 erremontistek berdintzen badute, ordea, tanteo globala hartuko da kontuan. Datorren larunbatean izango da ligaxkako lehen jardunaldia, Galarretan, 16:30etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!