Lan istripuen ondorioz azken aldian gertatutako heriotzen harira, egoera salatu du LAB sindikatuak

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 11

Kasu isolatuak ez direla adierazi dute sindikatutik, eta arrisku haundiko sektoreetan lan istripuak etengabe errepikatzen direla.

Azken aldian gertatutako lan istripuen ondorioz izandako heriotzak salatu ditu LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak) sindikatuak. Abuztuaren 5ean Azkoitian geratatutako lan istripu batean ondorioz 44 urteko J.A.A.T. basogintzako langile bat hil zen, lanean ari zela enbor bat gainera erori baitzitzaion. Eta azken honekin 39 dira Euskal Herrian aurten lan istripu batean hildako pertsonak. 

Horrela, lehenik eta behin, LABetik «elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkiegu Azkoitian hildako basogintzako langilearen senide, lagun eta lankideei». Basogintzaren sektoreko langile guztiei elkartasun hori helarazi nahi izateaz gain, garraioaren sektoreko langileei ere helarazi nahi izan diete; izan ere, azken asteotan bi garraiolari ere hil dira lanean ari zirela, «eta horrek agerian uzten du laneko heriotzek ez dutela etenik». 

Aipaturiko bi garraiolariak hil ziren uztailaren 23an eta 30ean, Idiazabalen eta Oiartzunen, hurrenez hurren. Horrela, aurten gutxienez 6 dira lanean bizia galdu duten garraiolariak Euskal Herrian: «Sektore ezberdinak izan arren, errealitatea berdina da; lan baldintza txarrek hil egiten dute», ondorioztatu dute LABetik.

Eta gaineratu dute horrelakoak ez direla gertakari isolatuak. Urtez urte basogintzan, garraioan eta arrisku haundiko beste sektore batzuetan antzeko lan istripuak errepikatzen direla diote sindikatutik: «Lan baldintza gogorrak, ekoizpen presioa, prebentzio-neurri eskasak eta administrazioen kontrol falta behin eta berriz agertzen dira laneko heriotzen atzean».

Bere egunean LABek egin omen zuen agerraldia, Gipuzkoako Batzar Nagusietan basogintzan gertatzen den egoera hori salatzeko, eta ustiaketan, prebentzioan, ikuskaritzan eta kontrol publikoan «benetako aldaketak» eskatzeko: «Tamalez, ezagutu berri dugun heriotzak berriro erakusten du salatutako arazoek bere horretan jarraitzen dutela, eta urtez urte faktore berberak errepikatzen direla», salatu dute LABetik. 

Sindikatuaren iritziz, bestalde, «Gipuzkoako Lan Ikuskaritzak ikuskari kopurua eta kontrolak areagotu behar ditu; Osalanek prebentzioaren arloko jarduera indartu behar du; eta Foru Aldundiak, bere eskumenen baitan, basogintza ustiaketa arloan, ezin du beste alde batera begiratzen jarraitu». 

Beraz, LABek eskatu du basogintzan, garraioan eta arrisku haundiko sektoreetan prebentzioa, kontrol publikoa eta baldintzak «benetan hobetzea», ez baitute onartuko urtez urte arrazoi berdinengatik langileak hiltzen jarraitzea: «Langileen osasuna eta bizitza edozein interes ekonomikoren gainetik jarri behar dira beti», ondorioztatu dute LABetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!