Añarbeko urtegia, %69,5eko edukierarekin, azken asteetako euri-eskasiaren ondorioz

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 7a

Añarbeko urtegia.

Astigarraga eta Hernani hornitzen dituen urtegia da Añarbekoa. Hala ere, ez dute aurreikusten ur-mozketak bezalako neurririk.

Añarbeko urtegiaren edukiera %69,5ean dago, azken aldiko euri-eskasia dela eta. Gipuzkoako lurraldearen ia erdia hornitzen du Añarbe urtegiko urak, tartean Hernani zein Astigarraga. Azken hogei urteetako puntu baxuenetarikoan dago Gipuzkoa eta Nafarroa artean kokatzen den urtegia, abuztuko datuei erreparatuta. Añarbe kokatzen den gunea, Iberiar Penintsulako gune euritsuenetarikoa da, eta pasa den hilabetean erregistratu zen pasa diren 23 urtetako bosgarren zifrarik baxuena, eta azken bost urtetako baxuena, prezipitazioei dagokienez: 48,8 L/m2 erori ziren. 

Hala ere, egoerak larria dirudien arren, Añarbeko Uraketik adierazi dute ez dutela aplikatuko ur-hornidura moztea bezalako aparteko neurririk. Hala egin behar izan dute Frantziako Pirinio Atlantikoen departamentuan, Lesakako hainbat auzotan, Zuian eta Asparrenan (Araba), eta Bizkaiko Karrantza herrian. 

Eta arrazoi bat dago neurriak ez aplikatzearen atzean. Gipuzkoako Uraketik azaldu dutenez, udaberri euritsua izan genuen, eta maiatzaren amaieran urtegi guztiak goraino zeuden beteta. Horrela, maiatzetik aurrera urtegien edukiera jaisten doa, udazken hasierako prezipitazioak iritsi arte. Baina udako sasoiaren hasieran urtegiak beteta izateak ahalbidetzen du ur-hornidura nahikoa izatea uda osorako, nahiz eta hilabete lehorrak izan uztailekoa zein abuztukoa. Zentzu horretan, erakundeko adituek azaldu dute larritasun haundiko momentuak iristen direla udazkeneko lehendabiziko prezipitazioak beranduegi heltzen direnean, eta lasaitasun mezua helarazi dute, esanez gaurko egoera normala dela: «Urte asko egin behar ditugu atzera, aurkitzeko ur-hornidura arriskuan egon zen momenturen bat, lehorte larri baten harira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!