Aspaldiko astronomia-ikuskizunik haundiena dator: abuztuaren 12an, datorren asteazkenean, eguzki-eklipse bat ikusiko da Urumea bailara osotik: Hernanitik, Astigarragatik, Ereñotzutik, Goizuetatik zein Aranotik. Ilargia Eguzkiaren aurretik pasako da, eta gure eskualdean %99,6 estaliko du: ia gau bihurtuko da arratsaldea, une batez.
Ordutegia, gurean: 19:31etan hasi, 20:27etan gorena, eta 21:15ak aldera amaitu. Eguzkia oso baxu egongo da ordurako, mendebalde-iparmendebaldera, zerumugatik 8 gradu eskasera. Horregatik, tokia aukeratzea da erdia: horizonte garbia behar da norabide horretan, muino bat, soro zabal bat, ibarraren goiko aldea...
Halakorik ez da askotan gertatzen: 1905az geroztik ez da eklipse erabateko bat ikusi penintsulatik, eta hurrengo aukera 2027ko abuztuaren 2an izango da. Gorenaren inguruan argia nabarmen ilunduko da, tenperaturak behera egingo du eta baliteke txoriak isiltzea, iluntzea dela sinetsita. Beste bitxikeria bat: zuhaitzen azpian jarrita, hostoen arteko zirrikituek ehunka eguzki-igitai txiki proiektatzen dituzte lurrean, eklipsea zeharka ikusteko modurik politena. Etxean ere egin daiteke: kartoi bati zulotxo bat egin eta irudia paper baten gainean proiektatu.
Eta gauza bakarra ezin da egin: Eguzkiari zuzenean begiratu, babesik gabe, ezta segundo batez ere. Estalketa ia erabatekoa izanda ere, geratzen den printzak betsarea betiko kaltetu dezake, minik eman gabe. Eguzkitako betaurrekoek, erradiografiek, CDek edo mugikorrak ez dute babesten; ISO 12312-2 arauaren araberako betaurreko homologatuek bakarrik, une oro jarrita. Erabatekotasuna (% 100) ikusi nahi duenak ordubete inguruko bidaia du Gasteiz, Logroño edo Burgos aldera; han bakarrik, erabatekotasunaren minutuan soilik, ken daitezke betaurrekoak.
Betaurreko homologatuak bailaran lor daitezke, hainbat farmazia zein optikatan. Agortzen ari dira, baina Hernaniko hainbat saltokitan ere eskuragarri daude, 2 euroan: Mahuka arropa denda, Ibai Mendi, Harresi taberna, Kixkal taberna eta Txoko taberna.