Lurraldebuseko zerbitzua indartuko du Foru Aldundiak, Donostiako Aste Nagusirako

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 6a

Astigarraga eta Hernanitik pasako diren autobusak jarriko dituzte, su artifizialen ikuskizunera joateko zein bertatik bueltatzeko.

Iristear da Donostiako Aste Nagusia. Geratutasunagatik eta festen egitarau erakargarriarengatik, urumearrentzat egutegian markatutako astea da, eta ibaia jarraituta, asko dira Gipuzkoako hiriburua bisitatzen duten urumearrak, festen aitzakiaz. Nahiz eta gertu egon, joan beharra dago Donostiaraino. Ohikoena da autobusez edo trenez joatea, autoz joaterik ez duenarentzat, edo autoz joan nahi ez duenarentzat: horrelako asteetan zaila izaten da autoz bertaratzea Donostiara, aukerarik zentzuzkoena izan ohi da garraio publikoa erabiltzea.

Eta hori jakinda, urtero bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu Aste Nagusirako. Diotenez, zerbitzua indartu dute «Aste Nagusiaz gozatu nahi duten pertsonek modu jasangarri, eskuragarri, eroso eta seguruan gozatu dezaten». Gipuzkoa osoari eragiten dieten lineak indartu dituzte, baita Urumea bailarako herriei eragiten dietenak ere. 

 

Su artifizialez nahi adina gozatuko dute urumearrek

Eta kasu honetan, ohiko ordutegiez gain, gehitu dituztenak eragiten dute su artifizialen ikuskizunaren inguruko ordutegian. Lehenik eta behin, BU05 (Andoain>Hernani>Donostia) linearen kasuan, Andoainetik 21:40etan abiatuko den autobusa jarri dute, Donostiako Zubieta plazaraino iritsiko dena. Bigarrenik, BU11 (Hernani>Donostia) lineako beste autobus bat jarriko dute, Hernanitik 22:00etan aterako dena eta Donostiako Urbieta kaleko 38 zenbakiraino iritsiko dena. Azkenik, BU13 (Hernani>Astigarraga>Donostia) linea ere indartuko dute, Hernanitik 22:00etan aterako den autobus batekin, Okendo kaleko 18 zenbakiraino helduko dena.

Hori su artifizialetara joateko, baina bueltatzeko ere jarriko dituzte autobusak. Ikuskizuna amaitu eta 15 minutura, San Martin kaleko 54 zenbakiko geltokitik aterako da BU05 (Andoain>Hernani>Donostia) lineako autobus bat, eta Okendo kaleko 18 zenbakitik BU13 (Hernani>Astigarraga>Donostia) lineako beste bat.

Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua den Azahara Dominguezek adierazi dutenez, autoa izan ala ez, gipuzkoarrek jaiez gozatu ahal izatea nahi dute: «Gipuzkoarrek Donostiara modu eroso, eskuragarri, jasangarri baina, batez ere, seguruan hurbildu ahal izatea nahi dugu. Horregatik, beste udalerri batzuekin egiten ari garen bezala, Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditugu martxan, hala nahi duten pertsona guztiek, autoa duten ala ez alde batera utzita, jai hauetaz gozatzeko aukera izan dezaten. Garraio publikoa aisialdian indartzea eta herritarrentzat eskuragarri egitea ezinbestekoa da joan- etorrietarako ohitura iraunkorrak ezartzeko.»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!