Donostialdea Osasun Publikoaren Alde (DOPA) erakundetik salatu dute medikuen falta dagoela Etengabeko Arreta Gune (EAG) bezala katalogatuta dauden osasun zentrotan. Izenak berak dioen bezala, etengabeko arreta medikua bermatu behar luketen zentroak dira, baina DOPAren aburuz, ez da horrela izaten normalean.
Donostialdean lau EAG daude: Errenterian, Donostian, Zarautzen eta Hernanin. Eta DOPAtik diotenez, astelehenean, abuztuaren 3an, berriro ere ez zegoen medikurik Donostiako Bengoetxea kaleko EAGan, eta egoera deskribatu dute «lotsagabekeriaren normaltasun» gisa.
Gaineratu dute, bestalde, iazko udako egunetako %39an medikurik ez zela egon Donostialdeako EAG batean ere, 10 egunetatik ia 4etan alegia: «Egoera, zoritxarrez, ohiko bihurtu zaigu azken urteetan», diote DOPAtik.
Azken adibide gisa jarri dute abuztuaren 2-3 arteko gauean mediku zerbitzua eskaini zuen Donostialdeako EAG bakarra Errenteriakoa izan zela. Horrenbestez, eta egoera salatzeaz gain, DOPAtik nahi izan dute aldarrikatu osasungintza publiko, duin eta euskaldun bat: «Neoliberalismoak etengabe bultzatzen duen publikoaren lapurketa salatzen jarraituko dugu. Gure osasuna ez da negozioa. Eta publikoa, denona dena, ez dago salgai».