Urumeako hondakinak pilatuko dira, herritarrak kontzientziatzeko

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 4a

Fagollagako aparkalekua.

Urumea inguruan agertzen diren hondakinak pilatuko dira Fagollagako aparkalekuan meta bat sortuz, «herritarren jokabidean eragiteko».

Sentsibilizazio kanpaina bat jarri berri du abian Hernaniko Udalak, Ereñotzuko Auzo Udalarekin elkarlanean. Fagollagan izango du bere espazioa, abuztuaren 10era arte, hurrengo astelehenera arte alegia. Pasa den uztailaren 30ean hasi zen, zehazki, eta Urumea inguruan jasotako hondakin guztiak pilatzean datza. Horretan ari dira eta ariko dira datozen egunotan, Fagollagako aparkalekuan. 

Horrela, «jendeak Urumea inguruan uzten dituen hondakinak ikusarazi eta haien jokabidean eragiteko» jarri dute martxan sentsibilizazio kanpaina hau bi udalek. 

Horretarako, hesitura bat jarri da aparkalekuan, eta udan zehar Urumea inguruan lanean aritzen diren hezitzaileak bertan sartzen ari dira Urumeako natura eremuetan jasotzen ari diren hondakinak. Egunero-egunero hondakin meta hori haundituz doaz, bide, baso, bazter eta erreka inguruan jasotakoekin. 

Hernaniko Udaletik azaldu dutenez, sentsibilizazio kanpaina honen helburua da  «herritarrengan natura-eremuan uzten dituzten hondakinen inguruko kontzientzia piztea, eta norbera bere hondakinen arduraduna dela gogoraraztea». 

Amaitzeko, adierazi dute Urumeako natur-eremuaz gozatzen jarraitu nahi izanez gero, ezinbestekoa dela «sortzen ditugun hondakinekin arduratsuak izatea, eta naturarekin errespetuz jokatzea, bertara hondakinik iritsi ez dadin, edo ahalik eta gutxienak iritsi dadin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!