Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak osatutako bikotea izan da erremonteko Jai-alai Summer Season txapelketako irabazlea. Juanenea eta Aldabe menderatu zituzten pasa den larunbateko (uztailak 25) finalean, Galarretan, 2-0 (15-6 eta 15-8). Horrela, urumearrek ez dute partidu bat bera ere galdu txapelketa osoan, torneo paregabea osatuz.
Garaipena «garbia» izan zen, eta partiduak ordu bete baino gutxiago iraun zuen. Nahiz eta partidua 1-4 hasi, Juanenea-Aldaberen alde, azkar eman zioten buelta garaileek, 8-5ekoa jarriz markagailuan. Barrenetxea aritu zen aurrelari gisa, nahiz eta atzelaria izan, eta «menderatu egin zuen aurrea». Horrela, partidua berdinduta zegoela (10-8), bolada ona harrapatu zuten txapeldunek, eta azken bost tantoak eginda jokoa irabazi zuten.
Bigarren seta lehenengokoaren bukaerako joeraren jarraipenarekin hasi zen, eta 5-0 hasi ziren irabazten urumearrak. Erantzun egin zuten Juaneneak eta Aldabek (3-5), baina hortik aurrera, markagailuko aldea beti izan zen Barrenetxearen eta Zubiriren aldekoa (3-7, 4-9 eta 6-9). 10garren tantua eskuratuta, 15garrenean jarri dira zuzenean txapeldunak, torneoa irabaziz.
Oriamendi Txapelketan, Deskarga garaile
Oriamendi Txapelketako partidua jokatu zen ere larunbateko jaialdian, eta Julen Deskarga hernaniarra garaile izan zen, bere kide Eskuderorekin batera. Susperregi eta Goikoetxea VIa menderatu zituzten, 2-0.
Bestalde, bihar beste txapelketa bat aurkeztuko dute Orimendikoek, Zarautzeko udaletxean. Zarautzeko Torneoa izena du, hain zuzen, eta 17:30etan izango dira bertan erremontistak, aurkezpenean.