Santio larunbat ederra Aranon eta Astigarragan!

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 25a

Maixux Zugarramurdi, Aranoko udaletxeko balkoitik karameluak botatzen, pregoia hunkituta irakurri ondoren.

Giro aparta izango da bi herrietan, asteburu potentearen aurreneko atalean. Egunez ondo gozatu, eta luze joko du festak gauerdia pasata ere.

Beti bezain polita izan zuten hasiera Aranoko Santio jaiek, atzokoan, Maixux Zugarramurdiren eskutik oraingoan. Hunkituta bota zuen itxaferoa, herrikideen berotasuna eskertuz. Astigartarrek, berriz, seku­lako martxarekin hasi dute festen bigarren erdia; haietako askok gaupasa eta guzti, goizaldeko barrene, joko eta gosarira arte luzatuta.

Gauzak horrela, eta asteburuan sartuta, giro aparta izango da bi herrietan, gaur eta bihar; are gehiago, Santio eta Santa Ana egunak izanda.

Gaurko jarduera eta emanaldi zerrenda luzean, Astigarragan bereziki jendetsua izango da Iruñeko Buztintxuri konpainiako erraldoi eta kilikien kalejira eguerdian, astigartarrekin batera; eta arratsaldean frontoian bilduko dira ehunka herritar, euskal dantzen emanaldiarekin aurrena, eta esku pelotako finalarekin ondoren.

Aranon ere izango du protagonismoa esku pelotak, Aranoren eta Goizuetaren arteko desafio klasikoarekin; eta baita bertsoek ere, puntako saioarekin.

Hortik aurrera, luze joko du gaurko festak bi herrietan...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!