Juanenea eta Aldabe izango dira erremonteko Jai-alai Summer Season txapelketako bigarren finalistak. Larunbatean jokatu zen ligaxkako hirugarren jardunaldian Ezkurra eta Segurola menderatu zituzten, 2-1 (14-15, 15-13 eta 8-6). Finalerdi kutxua izan zuen partiduak, irabazten zuen bikotea finalera sailkatuko zelako, baita markagailua estu baino estuagoa izan zelako ere. Endika Barrenetxea hernaniarra eta Aritz Zubiri goizuetarra izango dituzte aurkari, larunbateko partidua jokatu aurretik jada finalistak zirenak, ligaxkako lehen bi jardunaldietan garaipena lortu baitzuten.
Halere, bikote urumearrak garaipena lortu zuen larunbatean, jada finalera sailkatzeko aukerarik ez zuten Azpiroz eta Larrañagaren kontra, 2-1 (5-15, 15-12 eta 8-4). Lehen jokoan nagusi izan ziren beraz, Azpiroz eta Larrañaga, baina bikote finalista esnatu zen bigarrengo setean, eta ligaxkako partidu guztiak irabaztea lortu zuen.
Baina emozioa beste partiduak ekarri zuen, finalerdi bat izango balitz bezala bizi zena, besteak beste partidu honetako bikote irabazleak finala jokatuko zuelako. Eta oso berdindua izan zen norgehiagoka, oro har. Lehendabiziko seta Ezkurrak eta Segurolak irabazi zuten, 14-15, baina berdintasuna izan zen protagonista: 14na joatera iritsi ziren, eta azken tantoa Ezkurra-Segurola bikoteak egin zuen.
Bikote finalistari markagailuari buelta ematea tokatu zitzaion, horrenbestez, eta horixe izan zen egin zuena. Bigarren seta irabaztea lortu zuten, ia lehenengoa bezain parekoa izan zena: markagailua 13na zegoela, azken bi tantuak egin zituen Juanenea-Aldabe bikoteak. Eta hirugarren seta ere estu, tantoei dagokienez. Ezkurra eta Segurolak nagusitasuna erakutsi zuten hasieran, lehenengo lau tantuak eginez; baina laster jarri zitzaizkien alboan Juanenea eta Aldabe, 3-4koa jarriz markagailuan. Ondoren, 6-6 jarri zen partidua, eta azken bi tantoak Juanenea eta Aldaberen alde erori ziren.
Arluziaga-Aiestaran VI bikote hernaniarra, finalera
Mattin Arluziaga eta Aitor Aiestaran hernaniarrek ere finala jokatuko dute, Oriamendi Txapelketakoa. Ligaxkako bigarren garaipena lortu zuten atzo, biak 2-0eko markagailuarekin. Larunbatean menderatu zituzten Susperregi eta Goikoetxea VI, 15-8 eta 15-11, bigarren hauek txapelketatik kanporatuta geratu dira, lehen bi partiduak 2-0 galdu ondoren.