Mendialdea Mankomunitateak (Arano, Areso, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberri herriak hartzen dituena) berdintasun zerbitzua jarri berri du martxan. Horretan, herrietako eragile askorekin, talde feministekin, elkarte ezberdinekin, eskolekin, kultur eta kirol espazioekin elkarlanean ekintzak eta tailerrak antolatzen dituzte, besteak beste.
Helburua da emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, hori lortzeko neurriak sortuz. Udaletako jardunean, «berdintasuna zeharka txertatzen laguntzen dugu» gainontzeko udal zerbitzuekin elkarlanean arituz.
Horrez gain, berdintasun zerbitzuaren egitekoa da informazioa herritarren esku jartzea ere. Horrenbestez, zerbitzuan bertan topatu daitekeena honakoa da: berdintasunari buruzko informazio orokorra; berdintasun politiken aurrerapausoak eta Mendialdea Mankomunitateak egiten dituen diagnostiko eta planen laburpenak; antolatzen dituzten ekintzen (tailerrak, kirol jarduerak, kanpainak, elkarretaratzeak...) inguruko informazioa; eta martxan jartzen dituzten zerbitzuen inguruko informazioa (adibidez, festetan sexu jazarpenak artatzeko arreta zerbitzuaren nondik norakoak).
Hauek guztiak eskuratu nahi izanez gero, edota iradokizunen bat bidali nahi izanez gero, berdintasuna@mendialdea.eus helbide elektronikora mezua bidali daiteke, 609 65 46 84 telefono zenbakira deitu daiteke, edo @mendialdea_berdintasuna instagram kontura mezua bidali daiteke.
Bestela, Leitzako Elbarren Kaleko lehenengo zenbakian dute bulegoa; beraz, informazioa nahi izanez gero bertara gerturatzeko aukera ere badago. Gainera, Leitzakoa ez denarentzat, beste herrietara joateko prest daude Mendialdea Mankomunitateko kideak, norbaitek zerbitzuren bat behar izanez gero.