Hernaniko, Astigarragako eta Urnietako gazte euskaltzaleak bilduko ditu Burrunbak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 19a

Sarea zabaldu eta hiru herrietan «birsortu» dute taldea. Horietako gazteak gerturatzea nahi dute, kontzientzia pizteko eta euskeraren normalizaziorako bidea irekitzeko. Abuztuaren 11n egingo dute hurrengo bilera irekia, Urnietan.

 

2022ko udan sortu zuten Burrunba gazte euskaltzaleen taldea Hernanin, herriko euskeraren egoerarekin kezkatuta. Eta orain, lau urteren ondoren, sarea zabaltzea erabaki dute, Hernanin, Astigarragan eta Urnietan «birsortuta», hiru herrietako gazteak erakarri eta elkartu nahian.

Bi bilera ireki egin dituzte orain arte, hiru herrietako gazteak elkartuta: aurrenekoa ekainean Hernanin, eta bigarrena aste honetan bertan Astigarragan. Abuztuaren 11n izango da hirugarrena, Urnietako Matxo tabernan. Horrela, taldera batzeko interesa duten gazte guztiei luzatu diete deia, Burrunbak instagramen duen kontua (@burrunba_get) jarraitzeko eta egingo dituzten deialdietara adi egoteko.

Burrunbaren sortze prozesuan aritutako hainbat kidek utzi dute taldea aurten, eta «aukera ona» ikusi zuten taldeari «forma berri bat» emateko. Gainera, Korrikarekin batera zapi gorriak egin zituen Gazte Euskaltzaleen Sareak (GES), eta ikusi zuten «gazte dexente» mobilizatu zirela hiru herrietan, zapia erosita. «Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun elkarrekin zerbait prestatzea, gogoa bazegoela eta», azaldu dute. «Momentu bikaina iruditu zitzaigun Burrunba gureganatzeko eta forma berri bat emateko».

Hainbat erronka eta helbu­ru finkatu dituzte, ibilbide berri honetarako. Batetik, hiru herrien artean saretu eta harreman berriak egin nahi dituzte, euskeratik. Horrekin, jendearengan kontzientzia piztea ere bada erronka: «Euskeraren aurkako oldarraldi bete-betean gaudela kontziente izatea, eta horrek dakarren guztia». Eta era berean, nahi dute taldea «euskerararen arnasgunea» izan dadila, eta eraiki dezala «euskeraren normalizaziorako bidea», harremanak sortuz euskeraren aldeko beste mugimenduekin, eta haien esperientziak jasoz: EHE, Baxoa Euskaraz, Euskalgintzarako Kontseilua...

Gauzak horrela, bat egiteko deia luzatu diete «euskera eta euskaldunak zeharkatzen ari garen egoerarekin kezkatuta» dauden gazte guztiei: «Talde irekia da, eta denontzako dauka lekua», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!