Bi atzelari erreferente Galarretan, Urumea bailararen bi ordezkari nabarmen erremontean. Eta bi lagun, aurrenekoz txapelketa bat elkarrekin jokatzen. Estreinako aldia dute Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak, Jai-alai Summer Season honetan, txapelaren lehian bat eginda aritzen. Eta ezin hobeto hasi dute abentura polita: bi partidutik bi irabazi dituzte ligaxkan, eta finalera sailkatu dira dagoeneko.
Juanenea eta Aldabe 2-1 (15-12, 14-15 eta 8-1) menderatu zituzten ostegunean, txartela eskuratzeko. Hortaz, ez dute ezer izango jokoan gaurko jaialdian, 16:30etan hasita Galarretan. Azpirozen eta Larrañagaren kontra ariko dira, eta dagoeneko kanporatuta daude haiek, aurreko bi partiduak galduta.
Gaur erabakiko dena, beste bikote finalista da: Juanenea-Aldabe edo Segurola-Ezkurra II. Aurrez aurre ariko dira, eta partidua irabazten duenak lortuko du pasea, uztailaren 25ean jokatuko den finalerako. Horretarako bost sarrera bikoitz zozketatuko ditu Kronikak, Kronikakideen eta Doberako bazkideen artean. Parte hartzeko, kronika.eus webgunean eman behar da izena.