Oso jaialdi berezia izango da gaur arratsaldekoa, Galarretan, 16:30etan hasita. Izan ere, frontoiko historian oso errotuta dagoen tradizio bat berreskuratuko dute: erremontearen ostegunak. Urteen poderioz galdu egin zen, baina gaurkoan bueltatuko da, despedida gisara. Izan ere, azkeneko osteguna izango da Galarretan, Oriamendi 2010 enpresaren ibilbidean. Hiru partiduko jaialdiaz gozatuko dute bertaratuek, «Galarreta ezagutu, maite eta urte luzez bizi izan dugunontzat» berezia izango den arratsaldean. Oriamendi Txapelketakoa izango da aurrenekoa: Paulo Aiestaran hernaniarra eta Ugarte II, Susperregiren eta Goikoetxea Vren kontra. Beste biak, berriz, Jai-alai Summer Season torneoari dagozkionak: Segurola-Ezkurra II eta Azpiroz-Larrañaga aurrenekoan; eta Endika Barrenetxea hernaniarra eta Aritz Zubiri goizuetarra bigarrenean, Juanenearen eta Aldaberen kontra. «Gurekin bat egitera eta Galarretaren historiako pasarte txiki honetaz gozatzera gonbidatu nahi zaituztegu».