Barrenetxea eta Zubiri garaile erremontean, Summer Season txapelketaren lehenengo jardunaldian

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 13a

2-0 garaitu zituzten Aiestaran VII eta Ezkurra. Txapelketako beste partiduan Juanenea-Aldabe bikotea gailendu zen, 2-1, Susperregi eta Larrañagaren aurka. Oriamendi Txapelketako partiduan, Arluziagak eta Aiestaran VIk 2-1 irabazi zuten, Deskarga eta Eskuderoren aurka.

Erremonteko Summer Season txapelketaren eta Oriamendi Txapelketaren lehen jardunaldia jokatu zen pasa den larunbatean, Galarretan. Bigarren mailako multzoko (Oriamendi Txapelketa) partiduak ireki zuen jaialdia. Mattin Arluziaga eta Aitor Aiestaran hernaniarrek garaipen estua lortu zuten, 2-1 (15-12, 14-15 eta 8-7), Julen Deskarga hernaniarraren eta bere kide Aritz Eskuderoren aurka. 

Txapelketa nagusiaren (Summer Season) kasuan, Endika Barrenetxea hernaniarra eta Aritz Zubiri goizuetarra 2-0 (15-3 eta 15-10) nagusitu ziren, Palo Aiestaran hernaniarraren eta bere kide Josetxo Ezkurraren aurka. Bestalde, Aritz Juaneneak eta Kemen Aldabek garaipena lortu zuten hirugarren setean, 2-1 (15-4, 12-15 eta 8-3), Ugaitz Susperregiren eta Iban Larrañagaren kontra.

Ostegun honetan bertan izango da hurrengo jaialdia, Galarretan, arratsaldeko 16:30 hasita. Oriamendi Txapelketako partidua jokatuko da lehendabizi: Aiestaran VII-Ugarte II Susperregi-Goikoetxea V bikotearen aurka. Eta jarraian ekingo diote Summer Season txapelketari: Segurola-Ezkurra II Azpiroz-Larrañaga bikotearen aurka lehendabizi, eta Juanenea-Aldabe Barrenetxea IV-Zubiri bikotearen kontra ondoren. 

Ondoren, larunbatean (uztailak 18) hirugarren jardunaldia jokatuko da, uztailak 25ean jokatuko den final haundira zein bikote pasako den erabakiko den jardunaldia. Horrela, uztailak 16, 18 eta 25eko zita bakoitzerako bostna sarrera bikoitz zozketatuko ditu Kronikak, Kronikakide eta Doberako bazkideen artean. Parte hartzeko, kronika.eus webguneko 'zozketak' atalean izena eman behar da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!