Erremonteko bi txapelketa aurkeztu berri dira, gaur bertan hasiko direnak. Jai-alai Summer Season eta Oriamendi Txapelketa dira, eta bitxikeria bat izango dute, zenbait erremontistak postuz aldatuta jokatuko dutela, aurrelariak atzean, eta alderantziz.
Summer Season txapelketari dagokionez, ondorengo lau bikoteek parte hartuko dute: Barrenetxea IV-Zubiri, Azpiroz-Larrañaga, Segurola-Ezkurra II eta Juanenea-Aldabe. Oriamendi Txapelketaren kasuan, berriz, honakoak ariko dira lehian: Arluziaga-Aiestaran VI, Deskarga-Eskudero, Susperregi-Goikoetxea VI eta Aiestaran VII-Ugarte II.
Bi txapelketen kasuan, ligaxka fase bat egingo dute, denek denen aurka jokatuz. Summer Seasoneko lehen bi sailkatuek haien artean jokatuko dute finala, uztailaren 25ean. Oriamendi Txapelketan, aldiz, lehenengo sailkatua finalera pasako da zuzenean, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute beraien artean.
Horrela, bi txapelketetan, partiduak 15 puntuko bi setera jokatuko dira (berdinketa dagoen kasuan, hirugarren seta jokatuko da, 8 tantora). Irabazleak 2-0 gailenduz gero 4 puntu lortuko ditu sailkapenerako, 2-1 irabaziz gero 3 puntu, 1-2 galduta puntu bat, 0-2 galduta 0 puntu, eta lehen bi seten artean 15 puntura iristen ez denari puntu bat kenduko zaio.
Gaur bertan jokatuko da bi txapelketen lehendabiziko jardunaldia, 16:30etan Galarretan. Oriamendi Txapelketako partiduak irekiko du jaialdia, Arluziaga eta Aiestaran VI hernaniarrak ariko baitira Deskarga hernaniarraren eta bere kide Eskuderoren aurka. Jarraian, Summer Seasoneko bi partiduak jokatuko dira, Barrenetxea hernaniarra eta Zubiri goizuetarra Aiestaran eta Ezkurraren aurka ariko dira, eta ondoren Juanenea eta Aldabe Susperregi eta Larrañagaren kontra.