Gaztetxoak sagardogintzarako 'erreklutatzeko' lanekin hasi dituzte San Ferminak Martindegin!

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 8a

Sagar biltzen jarri zituzten haurrak jolasetan, nobedade gisa.

Atzo goizean hasi ziren Martin­degiko San Ferminak, ohiko familia giro beroarekin, kalejiran, hamaiketakoa elkarrekin eginez, jolasean... Aurtengoan izan da nobedade bat haurren jolase­tan, Asintxio Barrenetxeak proposatuta; eta «zerbait berria» egiteko aitzakian, gaztetxoak sagar­dogintzarako 'erreklutatzeko' lanekin hasi dituzte festak: sagar biltzen jarri zituzten adin guztietako haurrak!

Bromak alde batera utzita, zein baino zein gustorago aritu ziren txikienak, nola jolasetan, hala puzgarrietan edota tiro karabina lehiaketan. Eta helduak ere pozik, nola ez! Herri kirol saioa ederrarekin eta erromeriarekin borobildu zuten eguna, etzi arte atseden hartu aurretik.

Ostiralean helduko diete berriro jaiei, arratsalde intentsoarekin: Andoni Magoaren emanaldia, puzgarriak, tortilla lehiaketa, sagardo dastaketa eta Laket taldearekin erromeria.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!