Iritsi dira Martindegiko San Ferminak, iritsi da zapi gorria jartzeko unea

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 7a

Gaztetxoak danbolina jotzen, iazko San Ferminetako txupinazoaren osteko kalejiran.

Goizeko 10:30etan izango da jaiei hasiera emateko txupinazoa, eta gaurko ospakizun eguna eta gero, ostiralera arte itxarongo dute auzotarrek festari ekiteko. Ordutik igandera arte, etenik ez du izango festak Martindegin.

 

Iritsi dira San Ferminak Martindegira, aurtengoan ere. Zapi gorria jartzeko unea iritsi zaie auzotarrei, 10:30etan izango den txupinazoan; eta nahiz eta gaurkoa ospakizun eguna izango duten, ostiralera arte paroitxo bat egingo dute. Hori bai, ateburuan etenik ez da izango, eta ostiraletik igandera arte ekingo diote festari.

Horrela, gaurkoan, San Fermin egunean, txupinazoa bota eta zapia jantzi ondoren, ohi bezala, kalejiran arituko dira auzoan zehar. Jarraian, meza, hamaiketakoa, haur jolasak eta buruhaundiak izango dituzte Martindegikoek, gazte zein helduek egunaz gozatu dezaten. Eta arratsaldean ez dira aspertuko auzotarrak; izan ere, puzgarriak, tiro karabina lehiaketa, herri kirol saioa eta erromeria izango dituzte entretenitzeko.

 

Paroia, ostiralera arte 

Gaurko egunaren ostean, atseden hartzeko denbora izango da ostiralera arte. Indarrak hartu beharko dituzte auzotarrek ordurako, ostiraletik igandera etenik gabeko eta jardueraz beteriko egitaraua baitute. 

Zehazki ostiral arratsalde­an ekingo diote berriro festari, 17:30etan, Andoni Magoaren 'DesOre­katua' emanaldiarekin. Ondoren, puzgarriak, tortilla le­hiaketa, sagardo dastaketa eta erromeria; arratsalde borobila!

Asteburuko egunetan, berriz, egun osoko egitaraua izango dute. Lehenik eta behin, larunbatean, auzo bazkaria egingo dute, eta arratsaldean zezentxo­ak izango dira azkenean (zezen mekanikoa ageri da karteletan), horretarako baimena jaso baitute. Gauean, berriz, zaldi demaren 21garren edizioa egingo dute, Zumaiako Etxetxoren eta Lasarteko Telleriaren zaldiekin.

Iganderako ere hainbat ekitaldi polit prestatu dituzte. Egu­er­diko 12:30etan euskal festa izango da, zeinean aizkolariak ariko diren norgehiagokan, baita harrijasotzaileak ere: Eneko Saralegi eta Ibai Soroa, Oier Mitxelenaren eta Hodei Ezpeleta 'Bihurri'ren kontra aizkoran; eta Gari Garmendia eta Malen Morandeira harrijasotzen. Jarraian, Amets Arzallus eta Andoni Rekondo ariko dira bertsotan. Arratsaldean, puzgarriekin batera, toka txapelketa egingo dute, eta ondoren, aipatutako bertsolariek bigarren saio bat eskainiko dute, Nerea Ibarzabalekin batera oraingo honetan. Eta festei agur esango diete Martindegin, musikaren erritmora: erromeria izango da 19:30etan, eta kalejira jarraian.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!