Hernaniren eta Astigarragaren arteko zubilana egiten du Martindegik geografikoki... eta San Joanen eta Santioen artekoa ere bai, festei dagokienean. Halaxe izango da aurtengoan ere, lau asteko festa-egarria asez.
Baina txantxa gutxi Martindegin; hutsunea bete baino askoz ere gehiago egingo dute San Ferminek. Lau egunez ospatuko dituzte, San Fermin egunez hasi eta hurrengo asteburua hartuta. Horrela, uztailaren 7an, 10ean, 11n eta 12an izango dira festak.
Ohiko programazioa izango du San Fermin egunak: 10:30etan txupinazoa bota, zapi gorriak jantzi eta auzoan barrena kalejira egingo dute aurrena, eta meza, hamaiketakoa, haur jolasak eta buruhaundiak izango dira segidan. Arratsaldean ere, plan konpletoa: puzgarriak, tiro karabina lehiaketa, herri kirol saio polita eta erromeria.
Ostiral arratsaldetik igandera, etenik gabeko festa
Bi egunez hartuko dute atseden aurtengoan, festetako zati potenteenari heltzeko. Ostiral arratsaldean ekingo diete berriro, 17:30etatik aurrera. Andoni Magoaren 'DesOrekatua' ikuskizuna izango da aurrena, puzgarriak ondoren, eta eguna borobiltzeko hiru klasiko: tortilla lehiaketa, sagardo dastaketa (14 sagardotegik hartuko dute parte) eta erromeria, Laket taldearekin.
Egun osoko festa izango da asteburuko bi egunetan. Larunbatean egingo dute auzo bazkaria, eta arratsaldean zezentxoak izango dira azkenean (zezen mekanikoa ageri da karteletan), horretarako baimena jaso baitute. Gauean, berriz, zaldi demaren 21garren edizioa egingo dute, Zumaiako Etxetxoren eta Lasarteko Telleriaren zaldiekin.
Eta iganderako, festak modurik onenean bukatzeko, ohiko programa polita prestatu dute. Euskal festa izango da eguerdiko 12:30etatik aurrera, aizkolari, harrijasotzaile eta bertsolariekin. Binakako lehia izango da aizkoran, gizonezkoekin oraingoan: Eneko Saralegi eta Ibai Soroa, Oier Mitxelenaren eta Hodei Ezpeleta 'Bihurri'ren aurka. Harrijasotzen, berriz, Gari Garmendia eta Malen Morandeira ariko dira. Eta bertsotan, azkenik, Amets Arzallus eta Andoni Rekondo. Arratsaldean egingo dute bigarren saio bat haiek, Nerea Ibarzabalekin batera.
|
MARTINDEGIKO SAN FERMINAK UZTAILAK 7, asteartea 10:30, Festei hasiera emateko kalejira, auzoan zehar. 11:00, Meza, auzoko hildakoen omenez. Ondoren, hamaiketakoa, Oialume Zar tabernaren eskutik. 12:30, Haur jolasak eta buruhaundiak. 17:00, Puzgarriak. 18:00, IV. Tiro karabina lehiaketa. Izenematea, 18:30ak arte. 19:00, Herri kirolak. Aizkolarien binakako lehia: Malen Barrenetxea eta Nerea Arruti, eta Irati Astondoa eta Laiene Pikabea. Jarraian, Erromeria, Joseba, June eta Ekhiren eskutik.
UZTAILAK 10, ostirala 17:30, Andoni Magoaren 'DesOrekatua' emanaldia. 18:30, Puzgarriak. 19:00, Dastatzeko tortillak jasotzea. Tortilla goxoenaren emaitza, Akelenea jatetxeak sarituta. 20:00, Sagardo dastaketa eta pintxoak, honako sagardotegiekin: Zelaia, Oialume Zar, Oiarbide, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petritegi, Larre Gain, Iretza, Artola, Akarregi, Indioene, Bereziartua eta Mendizabal. 23:00, Erromeria, Laket taldearekin.
UZTAILAK 11, larunbata 10:30, Auzoko etxeetara urteroko bisita, trikitilarien laguntzaz: 'Mobida'. 13:00, Goiko aristian oroigarri xume bat, "gure artean ez daudenentzat". Tturko familiari eskertza, ematen dieten harreragatik. 14:30, Auzo bazkaria. Txartelak uztailaren 2an saldu zituzten, auzo elkartean. 18:00, Apar festa, Laket tabernak antolatuta. 18:00, Zezentxoak, Marques de Saka ganadutegiaren eskutik. 19:30, Arratsaldeko dantzaldia, Iratzar taldearekin. 22:30, XXI. Zaldi dema: Zumaiako Etxetxoren eta Lasarteko Telleriaren zaldiak aurrez aurre. Jarraian, Dantzaldia, Iratzar taldearekin. Ondoren, Platano dantza lehiaketa xelebrea.
UZTAILAK 12, igandea Goizean goiz, Diana, Astigarragako Txirriskla taldeko txistularien eskutik. 12:30, Euskal festa. Aizkolariak: Eneko Saralegi eta Ibai Soroa, Oier Mitxelenaren eta Hodei Ezpeleta 'Bihurri'ren kontra. Harrijasotzaileak: Gari Garmendia eta Malen Morandeira. 13:00, Bertsolarien saioa: Amets Arzallus eta Andoni Rekondo. 17:30, Toka txapelketa, Gurutzeta Sukaldeakek antolatuta. 17:30, Puzgarriak. 18:00, Bertsolarien bigarren saioa: Amets Arzallus, Andoni Rekondo eta Nerea Ibarzabal. 19:30, Erromeria, Izer eta Alabier trikitilariekin. Ondoren, Kalejira auzoan zehar. |