Zubirik eta Ansak lortu dute sagardoaren txapela, final ikusgarrian

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 1a

Imanol Ansa eta Aritz Zubiri garaipena ospatzen, eta aurrean Igor Arruti botileroa eta Aitor Bereziartua, haiek ere txapelekin. Argazkia: Maialen Andres

Goizuetarra eta urnietarra desenpatean nagusitu zitzaizkien Barrenetxeari eta Aldaberi (8-5).

Memorian gordetzeko moduko bukaera izan du Sagardoaren Txapelketak. Final ikusgarria jokatu zuten Bereziartua eta Oialume Zar sagardotegien ordezkariek, eta aurrenekoak eskuratu du txapela azkenean: Aritz Zubiri goizuetarra eta Imanol Ansa urnietarra nagusitu ziren desenpatean, Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Kemen Aldabe lekunberriarrak aurreneko setean lortutako puntuari buelta emanda (12-15, 15-12 eta 8-5).

Galarretako harmailak lepo beteta eta sekulako giroarekin, borobila izan zen finala, bere maila onenean aritu ziren lau erremontistarekin. Ansa izan zen finaleko onena, falta zitzaion txapela lortzeko; baina bikain aritu zen Zubiri ere, Sagardoaren Txapelketa bigarrenez irabazteko.

Kontra jarri zitzaien partidua, dena den. Aldabek eta Barrenetxeak indartsu ekin zioten, eta hasieratik lortu zuten abantaila txiki bat, hernaniarra bikain sakatzen, erritmo eta intentsitate haundiko lehian (0-3, 5-8 eta 7-11). Bukaerara arte saiatu ziren Ansa eta Zubiri, baina ez zieten parean jartzeko aukerarik eman (12-15).

Erritmo bizi-bizian ekin zioten bigarren setari ere, baina oraingoan urnietarrak eta goizuetarrak hartu zuten aurrea (6-2). Bikain erantzun zuten Aldabek eta Barrenetxeak, eta sakea berreskuratuta, berriro min haundia egin zuen hernaniarrak, seina berdintzeraino. Baina martxa bat gehiago sartu zuen Ansak orduan, eta tarte erabakigarria zabaldu zuten markagailuan (13-8). Eutsi zion lehiari Oialume Zarreko bikoteak, Barrenetxeak sakea zabalera eginda lortutako tanto eder batekin, besteak beste; baina seta itxi eta partidua berdintzea lortu zuten Bereziartuako ordezkariek (15-12).

Eta aurreneko bi setak nolakoak, halakoa izan zen desenpatea ere, estua eta lehiatua. Bina, hiruna eta bosna berdinduta izan ziren, eta detaile txikiek erabaki zuten txapelduna. Baina Ansa eta Zubiri izan ziren uneoro aurrea hartu zutenak, eta halaxe egin zuten momentu erabakigarrian ere: Ansak ezker paretan eta errebotean bikain jarritako pelota bana, eta Barrenetxeari zabalera ihes egin zion jokaldi bat. Horiekin eskuratu zuten txapela urnietarrak eta goizuetarrak.

Barrenetxea izendatu zuten txapelketako pelotari onena, baina sari preziatuenaren atarian geratu zen hernaniarra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!