Bihar jokatuko da erremonteko Sagardoaren Txapelketaren finala; Galarretan izango da, arratsaldeko 18:00etan. Eta Urumeako derbia izango dela esan dezakegu, atzeko koadroetan; izan ere, Endika Barrenetxea hernaniarra eta Kemen Aldabe (Oialume Zar sagardotegiaren izenean) txapelaren bila ariko dira, Aritz Zubiri goizuetarraren eta Imanol Ansaren (Bereziartua sagardotegia) kontra.
Aldabe eta Barrenetxea aspaldi sailkatu ziren finalerako, ligaxkako fasean onenak izan baitziren (orain dela hiru aste). Ansa eta Zubiri, ordea, hirugarren onenak izan ziren lehenengo fase horretan, eta finalera iristeko, playoffa eta finalerdiak irabazi behar izan dituzte. Beraz, konpetitzetik datoz Ansa eta Zubiri, Aldabe eta Barrenetxea ez bezala; bigarren hauek exhibizio partiduak baino ez dituzte jokatu azken hiru asteetan.
10 sarrera bikoitz zozketan, Kronikakideen artean
Finalerako, Kronikak 10 sarrera bikoitz zozketatuko ditu Kronikakide edo Doberako bazkide direnen artean. Gaurkoa da zozketan parte hartzeko azkeneko eguna, kronika.eus webgunean.