Leitza, Arano, Goizueta eta Aresoko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio Programak kanpaina egin du aurten ere, baita bi ekimen ere adin-tarte desberdinetako gazteengana iristeko.
Alde batetik, iaz abian jarritako 'Burua piztu, aukerak eraiki!' kanpaina errepikatuko dute, 2012 eta 2013 urteetan jaiotako gazteen artean, «aisialdi aktibo eta osasungarria sustatzeko substantzien kontsumoa eta pantailen erabilera problematikoa prebenitzeko». Bestetik, lehen aldiz 'Elkarrekin neurria argiago' kanpaina egingo da aurten, 2010 eta 2011an jaiotako nerabeei eta haien familiei zuzendutakoa, eta helburua da «gazteen osasun mentala eta ongizate emozionala indartzea, erabaki kontzienteak hartzeko gaitasuna sustatuz eta substantzien kontsumoaren prebentzioa ere landuz».
Horrela, 'Elkarrekin neurria argiago' deritzon kanpaina sorta honen baitan, nerabeek gutun bat eta kanpainaren logoa duen flexometro bat jasoko dituzte etxean. Tresnak linterna eta metro bana ditu, eta hiru ideia nagusi irudikatzen ditu, antolatzaileen aburuz: «argia, egoerak perspektibaz aztertzeko; neurria, norberaren mugak ezagutu eta errespetatzeko; eta tresnak, zailtasunei aurre egiteko baliabide pertsonal eta sozialak badituztela gogoratzeko».
Bestalde, familiek beste gutun bat jasoko dute, Nafarroako Gobernuak prestatutakoa, alkoholaren kontsumoari eta ongizate emozionalari buruzko eskuorriekin beteta, baita nerabezaroaren inguruko informazioz, komunikazioa sustatzeko aholkuez eta prebentziorako orientazio praktikoez ere.
Kanpaina hauen bidez programetako arduradunek familiei eta gazteei hausnarketarako eta elkarrizketarako gonbitea luzatu nahi diete, hurrengo mezua zabalduz: «egoera berrien aurrean gelditu, pentsatu, neurria hartu eta, behar denean, laguntza eskatu».
Informazio gehiagorako, LAGAko Gizarte Zerbitzuak bi telefono zenbaki (948 51 08 40 edo 681 26 51 89) eta helbide elektroniko bat (prebentzioa@lagagizartezerbitzua.org) jarri ditu.