Hernaniko eta Goizuetako erremontista bana izango ditugu Sagardoaren Txapelketaren finalean; izan ere, atzoko finalerdian, Imanol Ansak eta Aritz Zubiri goizuetarrak Ezkurra eta Azpiroz menderatu zituzten, 1-2, eta hurrengo astelehenean jokatuko dute finala, jada sailkatuak zeuden (ligaxkan lehen postuan amaitu baitzuten) Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea hernaniarraren aurka. Arratsaldeko 18:00etan izango da final haundia, Galarretan.
Atzokoan, hiru setera (15-8, 14-15 eta 4-8) joan zen partidu polita eskaini zuten lau erremontistek, garaileek markagailuari buelta emanda gainera. Lehen setean nagusi izan da Ezkurra-Azpiroz bikotea. Bikote garailea hasi da aurretik markagailuan (1-3), baina atsedenaldirako aurretik ziren urnietarra eta uitziarra (8-6). Bueltan, bi tanto baino ezin izan zituzten egin finalistek, eta lehen jokoa Ezkurrak eta Azpirozek irabazi zuten 15-8.
Bigarrengoa estua izan zen oso; puntu bateko diferentziagatik irabazi baitzuen bikote finalistak. Estua izan da, gainera, jokoa hasi eta amaitu bitartean. Gorabeheratsua izan da markagailuaren egoera: bikote bat aurretik jartzen zen unean, besteak buelta ematen zion markagailuari. Eta horrela 14-14 jarri ziren arte; azkeneko puntua Ezkurrak eta Azpirozek eginez gero, finalistak izango ziren, baina Ansak eta Zubirik ez zuten amore eman nahi, eta azken tantoa irabazi ondoren, finalerdia berdindu zuten, baita hirugarren seta behartu ere.
Set erabakigarriari ekin zioten, beraz, lau erremontistek. Bigarren seteko azken tantoak emandako motibazioa aprobetxatzen jakin zuen bikote finalistak, eta hirugarren jokoan nagusitu egin zen. 1-6 hartu zuten aurrea Doneztebekoak eta Goizuetakoak, eta nahiz eta amaieran Ezkurra eta Azpirozek zertxobait estutu, finalerako txartela lortu zuten Ansak eta Zubirik (3-8).