Bihar jokatuko dute erremonteko Sagardoaren Txapelketako finalerdia. Arratsaldeko 18:00etan ikuskizunerako partidua jokatuko dute Segurola-Juanenea eta Aldabe-Barrenetxea bikoteek, Galarretan, eta ondoren jokatuko dute finalerdia. Alde batetik, play offean Goikoetxea-Juanenea bikotea menderatu ondoren, Imanol Ansa eta Aritz Zubiri goizuetarra izango dira, finalerako txartela lortu nahian. Bestetik, ligaxkako bigarren onenak izandako Josetxo Ezkurra eta Xabier Azpiroz izango dira, zuzenean finalerdi horietara sailkatu zirenak, play offik jokatu behar izan gabe.
Irabazleek zain izango dituzte Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea hernaniarra, hurrengo asteleheneko final haundian. Zuzenean sailkatu ziren finalera hauek, ligaxkako sailkapenean lehenengoak izan baitziren.
Ezaugarri desberdinetako pelotak, material aukeraketan
Pasa den asteazkeneko arratsaldeko 18:00etan Galarretan izan ziren baita ere finalerdia jokatuko duten lau erremontistak, zitarako materiala aukeratzen. Eta ezaugarri desberdinetako pelotak aukeratu zituzten bi bikoteek; bakoitzak duen jokatzeko estiloaren arabera interesatzen zitzaizkienak, noski.
Horrela, Ezkurra eta Azpiroz izan ziren aukeratzen lehenak, eta pelota biziago, arinago eta bolo haundiagokoen aldeko hautua egin zuten (129 eta 126 gramoko pelota bana, eta 125 gramoko bi). Ansak eta Zubirik kontrako ezaugarriak dituzten pelotak aukeratu zituzten: motelagoak, pisutsuagoak eta bolo txikiagokoak (128 gramoko hiru eta 127 gramoko bat).