Azeri Bilak adin guztietako 450 korrikalari bilduko ditu gaur arratsaldean, Hernaniko eta Astigarragako kaleetan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 20a

Ikusleen berotasuna lagun izango dute korrikalariek, helmugara bidean.

Plaza Berrin hasi eta buka, 0 eta 13 urte bitarteko haurren lasterketak izango dira arratsaldeko 17:10etatik aurrera, eta 18:00etan izango da helduen proba, 10 kilometrokoa, Astigarragara joan-etorria eginda.

 

Gaur arratsaldean jokatuko da Azeri Bila lasterketaren 24garren edizioa, joan den urtean berreskuratu ondoren. Plaza Berrin izango ditu irteera eta helmuga, eta adin guztietako 450 korrikalari inguru bilduko ditu, haurren zein helduen probetan. 

Haurren probak izango dira lehenik, 17:10etatik aurrera, adinaren arabera: 2020-2026 urteetan jaiotakoek 50 metro egingo dituzte (17:10), 2018-2019 urteetakoek 200 metro (17:15), 2026-2017koek 500 metro (17:25), eta 2013-2015 urteetakoek 1.200 metro (17:35). Bukaeran merienda emango diete korrikalari guztiei. 

Denera 100 haur baino gehiago daude izena emanda, eta gaur bertan ere izango dute apuntatzeko aukera, formulario bidez (labur.eus/azeribilatxikia).

 

Joan den urtean baino partehartzaile gehiago, helduen lasterketan

Haurrek bukatutakoan abiatuko dira helduak, 18:00etan. 340 korrikalari inguru daude izena emanda, joan den urtean (330) baino gehiago.

10 kilometroko ibilbidea osatuko dute, nahiko laua eta azkarra. Plaza Berritik Zinkoeneara jaitsita, zubia zeharkatu eta Akarregin barrena egingo dute itzuli bat. Ondoren, Karabelera bueltatuko dira, eta trenbidearen ondotik iritsiko dira Ergobira, atzeko bidetik, Astigarragara joan-etorria egiteko. Han izango dute ura (6,5 kilometroan), eta Bidebitarte poligonoan emango dute buelta, trenbide ondotik Hernanira itzultzeko. Bukaera izango dute aldapatsua, zubian gora Zinkoeneara aurrena, eta bertatik Plaza Berrira ondoren; baina zientoka ikusleren berotasuna izango dute lagun zati horretan.

Probaren aurretik, goizean zein arratsaldean izango dute dortsala eta korrikalarien poltsa jasotzeko aukera: goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 17:00etara, Urbieta kalean, Urrats dendaren parean. Lasterketaren bukaeran, berriz, paella eta sagardoa izango dute, 18:35etatik aurrera; eta dutxak eskuragarri izango dituzte kiroldegian. Probaren aurretik ere izango dute kiroldegiko aldagelak eta takillak erabiltzeko aukera. Arratsaldeko 19:15etan emango diote bukaera aurtengo ekitaldiari, sari banaketarekin. Gainera, zozketa bereziak ere izango dira partehartzaile guztien artean. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!