Sasoiko bukatu dute denboraldia Urumea bailarako bolari eta tokalariek: txapelak bata bestearen atzetik pilatu dituzte azkeneko bi hilabeteotan.
Bolan, Joxe Mari Etxebeste astigartarra izan da protagonista nagusia gizonezkoetan: Gipuzkoako Kopa irabazi zuen aurrena, lau tiraldietatik bitan nagusituta (azkenekoan, Altzan, Ibon Miner ereñotzuarrarekin berdinduta); eta Gipuzkoako Txapelketan lortu zuen garaipena ondoren, Olaberrian, azkeneko tiraldietan Xabier Lazkano menderatuta.
Tokan, berriz, Martxeli Kanflanka ereñotzuarrak egin du ederra emakumezkoetan: Gipuzkoakoan bigarren izan ondoren, Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Arrobitxulon.
Bertan jokatu ziren, gainera, bolari gazte eta beteranoen Gipuzkoako Txapelketak ere; eta mutiletan, Aiur Miner izan zen onena kadeteetan, eta Ander Etxebeste gazteen mailan.
Hernaniko Bola Txapelketa ari dira jokatzen orain. Ereñotzuko tiraldian Josu Lasa (36) eta Ane Etxebeste (32) izan ziren onenak. Benta Berrin jokatuko da saio erabakigarria, ekainaren 24an, 17:00etan. Txapelaren lehian bete-betean dago Ibon Miner, 35 brilarekin.

