Añarbeko presaren larrialdi sirenen simulakroa, bihar

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 17a

09:00etatik 13:00etara egingo dituzte probak, eta horixe izango da Larrialdi Plana ezartzeko azkeneko urratsa.

 

Larrialdi Plana osatu eta martxan jarri du Añarbeko presak, eta bihar goizean egingo ditu azkeneko probak, plana behin betiko indarrean jartzeko: aktibatuko dituzte presaren eta Ugaldetxoko eremuaren artean dauden herritarrei abixatzeko lau sirenak. Goizeko 09:00etatik 13:00etara bitarte izango da hori.

Lau orduko tarte horretan, aktibatuko dituzte Larrialdi Planean aurreikusitako egoerak; besteak beste, azpiegituraren segurtasuna edo funtzionamendua arriskuan jarri dezaketen egoerak: uholdeak, lurrikarak, hornidura elektrikoaren akatsak, iragazketak, sabotaje edo bandalismo ekintzak, pitzadurak egituran edo zimenduan, anomaliak hustubide-organoetan, prezipitazio bortitzak, uhate edo balbulen haustura, egiturazko ezegonkortasunak, lurjausi, harri-jausi edo elur-jausiak...

Hernaniko Udaltzaingoak eta Nafarroako Foruzaingoak hartuko dute parte simulakroan, «seinale akustikoaren funtzionamendu egokia gainbegiratzeko eta simulakroa egiten den bitartean herritarrek egin ditzaketen kontsultei erantzuteko».

Simulakroaren helburua da alerta-sistemaren eraginkorta­su­na egiaztatzea, ziurtatuz sire­nak entzungo direla kaltetutako eremuetan, eta neurtuz kontrol puntuetako soinu-maila. Larri­aldi Planeko prozeduren aktibazio zuzena ere ebaluatuko dute.

Larrialdi Plana etxez etxe banatu dute uholde-arriskuko eremuetan, ebakuazio batek eragin ditzakeen herritarrak informatzeko; eta era berean, koordinazio bilerak egin ditu Añarbek Urumearen arroaren ertzeko udalerrietako (Goizueta, Arano, Hernani, Astigarraga eta Donostia) larrialdi-zerbitzuekin.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!