Ekainaren 20an irekiko dute Ugaldetxoko aisialdi gunea, eta kotxeentzat ordainpekoa izango da asteburuetan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 14a

Hiru hilabetez egongo da eremua zabalik, eta erreserba sistema izango du ibilgailuentzat, aurten ere. Nobedadea da autoek 5 euroko tasa ordaindu beharko dutela asteburu eta jaiegunetan.

 

Datorren larunbatean, ekainaren 20an, zabalduko dute Ugaldetxoko aisialdi gunea, eta hiru hilabetez izango da bertan erreka ondoko aisialdiaz gozatzeko aukera, irailaren 20ra bitarte. Ekainean eta irailean, astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta asteburu eta jaiegunetan 12:00etatik 20:00etara. Uztailean eta abuztuan, berriz, egunero izango da 12:00etatik 20:00etara.

Aurten ere mantenduko dute aldez aurretik erreserbak egiteko sistema. Ugaldetxora autoz edo motoz joan nahi dutenek, internet bidez egin beharko dute erreserba, ekainaren 17tik aurrera, aparkalekuerreserbak.hernani.eus webgunean. Nobedadea da, autoentzat ordainpekoa izango dela asteburuetan eta jaiegunetan, eta 5 euroko tasa ordaindu beharko dutela erreserba egiteagatik. Astelehenetik ostiralera, berriz, doakoa izango da. Motoek ez dute tasarik ordainduko asteburu eta jaiegunetan ere, baina erreserba egin beharko dute, motoentzako plaza kopurua mugatua izango baita, autoen kasuan bezala.

Erreserba egin ondoren joango ez denak, erreserbaren baieztapen emailean izango du lotura bat bertan behera uzteko, eta ordainpekoa den kasuetan, dirua itzuliko dute baldin eta 12 ordu lehenago utzi bada erreserba bertan behera.

Aisialdi gunearekin, «Urumeako ingurune naturalaz gozatzeko aukera» eskaini nahi izan diete Hernaniko Udalak eta Ereñotzuko Auzo Udalak herritarrei; baina era berean, mantendu egingo dituzte «naturgunea eta bertako bizikidetza babesteko neurriak», eta horien baitan kokatu dute autoentzako erreserba tasa ezartzekoa: «helburua ez da diru-bilketa, baizik eta erabilera intentsiboena den egunetan gunearen kudeaketa hobetzea, ingurunea zaintzea eta mantenu, heziketa eta sentsibilizazio lanak finantzatzen laguntzea», azaldu du Hernaniko Udalak.

Horren harira, hain juxtu, aurreratu dute astean bitan tailer dinamizatuak antolatuko dituztela haurrentzat, hezitzaileen eskutik, aisialdi gunearen erabilera egokia izan dadin.

 

Oinez, bizikletaz edo autobusez, erreserbarik gabe

Erreserba egiteko beharra ibilgailu partikularretan iritsiko direnei dagokie. Ugaldetxora oinez, bizikletaz edo garraio publikoz joango direnek, berriz, ez dute erreserbarik egin beharko, ezta tasarik ordaindu ere. Garraio publikoari dagokionez, zehazki, bi autobus linea daude bertara iristeko: Lurraldebusen BU20E linea (Hernani-Pikoaga); eta Hernani eta Goizueta bitartekoa, astelehenetik ostiralera 12:00etan eta 19:00etan egiten duena joaneko bidaia, eta 15:00etan bueltakoa.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!