Lau urteko fasea beteta, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren urtea da aurtengoa, eta dagoeneko zehaztu dituzte bertsozaleek agendetan gorriz markatu beharreko data guztiak. Aste honetan aurkeztu dute, 50 partehartzaile eta Urumea bailarako bost ordezkari izango dituen txapelketa. Lehenengo fasean, final laurdenetan, ekingo diote Eñaut Martikorena eta Andoni Rekondo hernaniarrek, Eli Pagola ereñotzuarrak eta Agin Laburu astigartarrak; eta finalean zain daukate Maialen Lujanbio, duela lau urteko txapelduna izanik.
Irailaren 19an hasiko da txapelketa Hazparnen, eta zazpi saio izango ditu aurreneko fasean, bakoitza euskal lurralde batean. Sei bertsolari ariko dira saio bakoitzean. Bailarakoen artean, Martikorena izango da estreinatzen aurrenekoa, irailaren 26an Altsasun; eta astebete beranduago ariko da Pagola Tolosan. Hurrengo asteburuan (urriak 10-11), berriz, zita bikoitza: Rekondok larunbatez kantatuko du Gotaine-Irabarnen, eta Laburuk igandean Agurainen. Astigartarrak, gainera, Hernaniko eskolako bi bertsokide izango ditu alboan, Asier Azpiroz zubietarra eta Nerea Elustondo legazpiarra.
Final laurdenetan ariko diren 42 bertsolarietatik, 17 onenek egingo dute aurrera, finalerdietara. Bi itzulitara jokatuko dira finalerdiak. Aurrenekoan sartuko dira Lujanbio ez 2022ko beste zazpi finalistak: urriaren 24an Lekunberrin, Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus; urriaren 31n Eibarren, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin; azaroaren 7an Gernika-Lumon, Aitor Mendiluze eta Joanes Illarregi; eta azaroaren 14an Miarritzen, Sustrai Colina. Saio bat gutxiago izango da bigarren itzulian, eta 24tik 18ra murriztuko da bertsolari zerrenda, puntuazioaren arabera. EAEko hiru hiriburuetan erabakiko dira finalerako zazpi txartelak: azaroaren 21ean Donostian, azaroaren 28an Gasteizen eta abenduaren 5ean Bilbon.
Final haundia Iruñean izango da aurtengoan ere: abenduaren 20an, Nafarroa Arenan.
Saio guztietarako sarrerak, datorren asteazkenetik aurrera salgai
Datorren asteazkenean, ekainaren 17an, jarriko dituzte salgai Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio guztietarako sarrerak, bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkide direnek, finalerako sarrera erreserbatuta izango dute zazpi egunez, ekainaren 24ra arte. Saio guztietarako bonoa ere izango dute eskuragarri.