Gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ikastea eta azterketa euskaraz egitea bultzatzeko asmoz, 2010ean jarri zuten martxan Gidabaimena Euskaraz egitasmoa Buruntzaldeko sei udalek: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil. Hamasei urteotan lankidetzan aritu dira eskualde horretako autoeskolekin eta tarte horretan 1.300 herritar baino gehiagok parte hartu dute eta zenbaitek zozketa bidezko sariak jaso dituzte.
Iaz 69 herritar izan ziren gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz egin eta gainditu zutenak: zazpi Andoainen, zortzi Astigarragan, 28 Hernanin, sei Urnietan eta hogei Usurbilen. Zozketa ekitaldia Andoaingo Bastero kulturgunean aurrera eraman zuten eta bertaratu zirenek jakinarazi zutenez, aurtengoa izango da zozketa bateratua egin duten azkeneko aldia. Izan ere, azken urteetan parte hartzea jaisten ari dela kontuan izanda, uneotan dirulaguntza zuzenak emateko bidea urratzeko prest daude udal gehienak, bakoitzak bere erara. Sistema hori ezartzen aitzindaria Lasarte-Oriako Udala izan da eta horregatik ez zuen ekitaldi horretan parte hartu.
Arestian aipatutako ekitaldi horretan 400 euroko zortzi sari zozkatu zituzten eta hauek izan ziren irabazleak: Maren Jauregi Ugartemendia eta Nahia Gorostidi Lopez (Andoain); Enaitz Isasti Zabaleta (Astigarraga); Eki Sanchez Balerdi, Endika Rekondo Murua eta Ane Livi Santacruz Elosegi (Hernani); Hegoi Lizaso Lopez (Urnieta); eta Saray Hernandez Etayo (Usurbil). Horietako zenbaiten lekukotzak jaso ditugu eskuinaldeko zatiduran.
Irabazleak iragartzearekin batera, egitasmoaren arduradunek eskerrak eman zizkieten bat egin duten eskualdeko autoeskolei: Andoaingo Bengoetxea eta Vallina CAP; Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi; eta Urnietako zein Usurbilgo Solozabal.
1.300 PARTE HARTZAILE BAINO GEHIAGO izan dira eskualdeko sei udalerriek egitasmoa 2010ean martxan jarri zutenetik.
Material «eguneratua eta oso txukuna»
Gidabaimenak euskaraz egitasmoa Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak koordinatu eta kudeatzen du, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Hamasei urteko ibilbideko mugarrietako bat 2024an ezarri zuten: webgunea (gidabaimenaeuskaraz.eus) berritzeaz gain materiala osatu eta eskuliburuak argitaratu zituzten A, A1, A2, AM, B, C, C1, D, D1 eta E baimenetan. Atari digital horretan jaso zuten baita ere euskarazko eskaintza duten autoeskolen mapa; 160 zentro baino gehiago ari dira horretan Euskal Autonomia Erkidegoan.
Eta webgune horretan saltseatzen dutenek topatuko dute baita ere eskaintza erakargarri bat, izan ere, gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz prestatu eta egiten dutenen artean bi ziklomotor elektriko zozkatuko dituzte abenduaren 3ean, Euskararen Nazioarteko Egunean. Antolatzaileek jakinarazi dute azterketa teorikoa euskaraz egin dela egiaztatzeko ziurtagiria eskatuko dutela. Zozketan parte hartzeko unean eginda ez dutenek hiru hilabete izango dituzte hori aurkezteko aipatu zozketaren ondoren.