«Erosoa eta naturala» egin zaie honetarako ere euskaraz ikastea

Kronika - Erredakzioa 2026ko ekainaren 11

Hegoi Lizaso Lopez urnietarra izan da 2025eko ekitaldiko sarituetako bat. Argazkia: Urnietako Udala

Gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz egin eta gainditu izanagatik sarituak izan diren hiru ikaslerekin hitz egin dugu prozesuan zehar nola sentitu diren eta urratsa zergatik egin duten jakiteko. Endika Rekondo Murua hernaniarra, Hegoi Lizaso Lopez urnietarra eta Saray Hernandez Etayo usurbildarra animatu dira bizitakoa kontatzera.

Hiruen ama hizkuntza da euskara eta betidanik ikasi dute hizkuntza horretan. Beraz, «erosoa eta naturala» egin zaie prozesua mintzaira horretan burutzea eta gustura jardun dira. «Egia da gidabaimena ateratzea erronka dela eta ikasteari denbora eskaini behar zaiola baina euskaraz egiteak lagundu dit edukia hobeto ulertzen eta konfiantza gehiagorekin prestatzen», aitortu du Rekondok. Hernandez ere ederki moldatu da, nahiz eta onartu duen «kontzeptu tekniko batzuk» barneratzea zertxobait kosta zaiola.

Gidabaimena atera nahi eta hizkuntza aukeratzerakoan zalantzatan dabiltzainei prozesua euskaraz egitea gomendatu diete hiruek: «Ingurukoei ari naiz atal teorikoa euskaraz egitea aholkatzen, batez ere, txikitako hizkuntza hori dutenei. Niretzako, txikitatik erabilitako hizkuntzan azterketa hori egitea errazagoa izan da eta beste askorentzat ere horrela izan daitekeela uste dut», azpimarratu du Lizasok.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!