Dirulaguntza zuzena emateko bidea urratzen hasi dira eskualdeko udalerriak

Kronika - Erredakzioa 2026ko ekainaren 11

Lasarte-Oriako Udala izan da sistema berriaren aitzindaria. Argazkia: Txintxarri

Euskara «eguneroko esparru praktikoetan egon dadin erraztea» da helburua.

Hamasei urteko ibilbidea urratu duen Gidabaimena Euskaraz egitasmoari beste buelta bat eman eta parte hartzea sustatze aldera, dirulaguntza zuzenak ematen hasiko dira Andoain eta Lasarte-Oria. Aurrera begira, aukera hori ezartzea aztertuko dute datozen hilabeteetan Astigarragak eta Hernanik ere. Era batera edo bestera izanda ere, sei udalerrietako ordezkariek argi utzi dute erraztasunak ematen jarraituko dutela gidabaimenaren atal teorikoko azterketa euskaraz egin nahi duten herritarrei.

Sistema hori ezartzen aitzindaria Lasarte-Oriako Udala izan da. Erakunde horretako Euskara zinegotzi Estitxu Alkortaren hitzetan, neurri hori udalak hizkuntza normalizaziorako duen estrategiaren barruan sartzen da, euskara «eguneroko esparru praktikoetan ere egon dadin errazteko». Gaineratu du azterketa teorikoa euskaraz ikasi eta egiteak «espazio berrietan hizkuntzaren erabilera indartzen» laguntzen duela.

Hori horrela, Lasarte-Orian erroldatuta dauden eta gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin eta gainditzen dutenei 500 eurora arteko beka ematea aurreikusten du ekimenak. Horrek esan nahi du, udalak azterketa teorikoaren matrikularen kostua ordainduko duela, prestakuntza prozesu horretan hizkuntzaren erabilera bultzatuta.

Udalerri horretako BideOn eta Mugica autoeskolek ongi baloratu dute egitasmoa. Formazioa hizkuntza bat baino gehiagotan eskaintzeak dakarren ahalegina azpimarratu dute, baita «ikasleentzat euskarazko baliabideak izatearen garrantzia» ere. Era berean, esan dute gisa horretako ekimenek hezkuntza eta lanbide esparruan hizkuntzaren erabilera normalizatzen laguntzen dutela.

Andoainek ere egin du urratsa eta zehaztu ditu dirulaguntza zuzenak emateko baldintzak. Bi udalerri horietako ordezkariek eskatuko dituztenen gainekoak jaso ditugu azpialdeko koloretako koadroetan: diruz lagunduko dutena; eskatzaileek bete beharko dituzten baldintzak; epeak eta eskaera moduak; eta ordainketa kronologia.

 

Zer lagunduko dute diruz?

Gidabaimenaren atal teorikoaren matrikularen kostua (AM, A1, A2 eta B lizentzien azterketa egin eta gainditzea).

Andoainen: Gastuaren % 50a, gehienez 180 euro eskatzaile bakoitzeko.

Lasarte-Orian: Gehienez ere 500 euro pertsonako.

 

Bete beharreko baldintzak

Andoainen edo Lasarte-Orian erroldatuta egotea.

Gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz atera izana frogatzea egiaztagiri bidez.

Udalekin zorrik ez.

 

Epeei eta eskaera moduei buruz

Andoainen: irailaren 14tik urriaren 30era (biak barne).

Lasarte-Orian: urtarrilaren 1etik irailaren 30era (biak barne).

Beharrezko agiriak: eskaera orria, matrikularen ordainagiria, atal teorikoa gainditu izanaren agiria eta kontu korrontearen titulartasun ziurtagiria.

 

Ordainketa kronologia

Andoainen: behin-behineko ebazpena azaroaren 18an aterako dute; behin betikoa, aldiz, abenduaren 17an. Abenduan ordainduko dute dirua.

Lasarte-Orian: eskaerak aurkeztutako epea bukatzean, baldintzak betetzen dituztenei ordainketa bakarrean pagatuko diete urtea amaitu aurretik.

 

Eskualdeko beste udalerrietan, zer?

Buruntzaldea osatzen duten sei udalerrietatik gehienak prest daude dirulaguntza zuzenak emateko bidea urratzeko, bakoitzak bere erara. Hernani eta Astigarraga ari dira aukera hori aztertzen eta informazio gehiago emango dute datozen hilabeteetan. Modua zeinahi izanda ere, denek segiko dute erraztasunak ematen.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!