San Joanak hasi baino 10 egun lehenago egingo dute, larunbat honetan, jaietako iragarpen kontzertua. Gaueko 22:30etan hasiko da Preludioa, eta aspaldiko partez Plazan egingo dute, eguraldi ona iragarrita dagoela ikusita. Dena ondobidean, aurten ez dute Atsegindegira lekualdatu beharko euriagatik.
San Antonio egunez izango da Preludioa, Ereñotzuko jaietan bete-betean; eta hori horrela, presentzia berezia izango dute Ereñotzuk berak eta Jose Manuel Lujanbio 'Txirrita' bertsolari ereñotzuarrak, aurtengo iragarpen kontzertuan. Hain juxtu, Txirrita hil zela 90 urte bete berri direnean.
Aurkezpen lanetatik bertatik hasiko da ereñotzuarren protagonismoa larunbatean. Izan ere, Aritz Zerain ariko da aurkezle lanetan estreinakoz, Karla Ferreño hernaniarrarekin batera. Eta kontzertua osatuko duten emanaldietan ere, izango dira hainbat ereñotzuar. Horrela, partehartzaileen artean izango dira Kristina Solano trikitilaria edota Eli Pagola bertsolaria, besteak beste.
Aurreratu dutenez, 12 piezak osatuko dute Preludioa. Hernaniko Musika Bandak markatuko du iragarpen kontzertuaren erritmoa, Jorge Pachecoren zuzendaritzapean; eta Ttarla dantza taldea arduratuko da musika doinuei mugimendua jartzeaz.
Sorpresak eta momentu hunkigarriak ere izango dira Preludioan zehar. Esaterako, Akelarreko pertsonaiak ere batuko dira aurtengo kontzertura, sortu zela 40 urte betetzen ari direnean, eta San Joanetako txupinazoa bota aurretik, Kontrakantxa gaztetxearekin batera. Oroimenerako tartea ere egingo dute emanaldian, eta gogoan izango dituzte, besteak beste, 1936an fusilatu zituztenak, eta aurtengo otsailean hil zen Miguel Lujanbio.
Jaien aurreko emanaldi bereziaz gozatu nahi dutenek, garaiz bertaratu beharko dute, lepo beteko baita eszenatokiaren ingurua. Lehenengo ilara, hori bai, inklusiboa izango da aurten ere: mugikortasun edo ikusmen arazoak dituzten herritarrentzako gordeko dute, «eurek ere Preludioaz ahalik eta ondoen gozatzeko aukera izan dezaten».
Preludio Txikia, bihar
Kontzertu nagusiaren aurretik, Preludio Txikia izango da bezperan, ohi bezala. Bihar arratsaldean eskainiko dute herriko musikari, dantzari eta abeslari gaztetxoek, 19:00etan hasita, Plazan bertan. Euria egingo balu, Atsegindegira mugituko lukete.
