Atzo jokatu zen Erremontari-Sagardoaren Txapelketako ligaxka faseko azken jardunaldia. Honakoak izan dira partiduetako emaitzak: Ansa II-Zubirik irabazi Segurola-Larrañagaren aurka, 2-1 (15-12, 14-15 eta 8-6); eta Goikoetxea V-Juaneneak galdu Aldabe-Barrenetxea IVren aurka, 0-2 (6-15 eta 13-15). Ezkurra-Azpiroz bikoteak jada jokatuta zituen tokatzen zitzaizkion lau partiduak, eta atsedenerako jardunaldia zuen azken hau.
Emaitza horien ostean, ligaxkako sailkapena itxita geratu zen:
1. Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 14 puntu 4 jardunaldi
2. Ezkurra II-Azpiroz (Aburuza) 12 puntu 4 jardunaldi
3. Ansa II-Zubiri (Bereziartua) 8 puntu 4 jardunaldi
4. Goikoetxea V-Juanenea (Alorrenea) 2 puntu 4 jardunaldi
5. Segurola-Larrañaga (Petritegi) 2 puntu 4 jardunaldi
Horrela, Endika Barrenetxea hernaniarra eta bere kide Aldabek zuzenean lortu zuten finalerako sarbidea (ekainak 29, Galarreta, 18:00etan). Bestalde, ligaxkako bigarren onenak izan diren Ezkurra eta Azpiroz finalerdietara zuzenean sailkatzea lortu zuten (ekainak 22, Galarreta, 18:00etan). Finalerdietako beste bikotea playoffetan erabakiko da (ekainak 15, Galarreta, 18:00etan), ligaxkako hirugarren eta laugarren sailkatutakoen artekoa, Ansa-Zubiri eta Goikoetxea-Juanenea bikoteen artekoa alegia. Bihar bertan egingo dute partidurako material aukeraketa, arratsaldeko 16:00etan, Galarretan.
Eta txapelketatik kanpo geratutako lehen bikotea da Segurola-Larrañaga. Goikoetxea-Juanenea bikotearekin berdinduta dago sailkapenean, baina bien arteko partiduan menderatu zuen Alorreneako bikoteak Petritegikoa. Oso emaitza estua izan zen partidu horretakoa; izan ere, bikote irabazleak buelta eman behar izan zion markagailuari, eta hirugarren jokoan erabaki zen norgehiagokako irabazlea (15-13, 13-15 eta 8-6).