Sekulakoa egin du Hernanik, Herriarteko Txapelketaren eskuzko lehian. Final laurdenetako kanporaketa irauli zuen Azpeitian, hiru partiduak irabazita; eta lau onenen artean izango da berriro, finalerako txartelaren bila.
Hernaniarrek 2-1eko emaitzari eta 15 tantoko desabantailari eman behar zioten buelta etxetik kanpo, eta bere mailarik onena eman zuten zita erabakigarrian. Oso estu, baina berriro ere garaipena lortu zuten Oier Arsuaga eta Hegoi Zabala kadeteek (21-22), esperantzari eusteko; eta emaitza berarekin irabazi zuten Ekhi Osesek eta Manex Alberdik ere, jubenil mailakoa, azkeneko partidura bizi-bizirik iristeko. Tanteoarekin ezin irabazi zezakeen Hernanik ordurako, eta garaipena behar zuen nagusien mailakoan, nahitaez. Baita lortu ere! Jubenilek bezalaxe, joanekoaren arantza ederki atera zuten Xabi Apaolazak eta Markel Lizeagak, eta 16-22 nagusitu zitzaizkien kontrario berberei, Egigureni eta Larrañagari, Hernaniri semifinaletarako pasea emateko.
Orain, are gehiago gogortuko zaizkio lanak Hernaniri: iazko finaleko lehia errepikatuko dute semifinaletan, Oiartzun izango baitute kontrario, datozen bi asteburuetan. Errebantxa bilatuko dute hernaniarrek, joan den urteko txapelduna finaletik kanpo uzteko, eta bigarren urtez jarraian finalera sailkatzeko.
Astigarragak ezin, palaz
Kanporaketa irauli nahi zuen Astigarragak ere, Azkoitiaren kontra etxean, paleta gomazko lehian. Eta izan zuen aukera bukaerara arte, baina semifinaletarako txartelik gabe geratu zen azkenean.
Axier Salaberriak 17-20 galdu zuen buruz burukoa, baina Iker Laso eta Beñat Zubiarrain 20-6 nagusitu ziren binakakoan. Emaitza horiekin, bizirik iritsi ziren azkeneko partidura: Axier Luluagak 20-15 irabazi behar zuen zazpi barrukoa. Gogotik saiatu arren, ordea, amore eman behar izan zuen Aizpururen kontra (13-20).