Festen hilabetea hasi da, eta hori nabaria da Astigarragako eta Hernaniko kultur agendetan. Asteburu honetan bertan, Osiñagako jaiak izango ditugu, biharko eta etzirako ospakizunerako egitarau politarekin. Aurretik, gaur bertan, Tapia eta Leturia banda izango da Ereñotzuko frontoia girotzen, baita ikasturte amaierako topaketa ere, Kulturarteko Plaza Feministan. Eta jakina, Ereñotzuko San Antonioak (ekainak 12-14) eta Hernaniko San Joanak (ekainak 23-27) dira hilaren jabe.
Biharkoan, kirola izango da protagonista Hernanin, urpekaritza bataioa eta piragua irteera egingo baitira, baita dantza tailerra ere, udako solstiziorako sorkuntza kolektibo tailerra alegia. Kirola eta musika batuko dira igandean, Hernanin: Bertso-pelota txapelketaren finala izango da Ados Pilotarekin, Etxeko II. Memorialarena hain zuzen, eta Mariatxiak eramango ditu Belkara elkarteak Karabel girotzera, 12:30etan. Astigarragan, gaur bertan gozatu ahal izango dute herritarrek kulturaz, 'Patatekin' antzerkia ikustera joateko aukera baitute, 20:00etan izango dena Erriberan.
Hilabetea luzea da gainera, eta beste hamaika jardueraz gozatu ahal izango dute bailarako herritarrek. Hernanin, aipatutakoaz gaiz, nabarmenenak dira kultur ekipamendu berriaren proiektuen erakusketa (Biterin ekainaren 11ra arte), aurten berriak diren paddle surf eta snorkle ikastaroak (hilaren 15-19) eta udako solstizioa (ekainak 20 Chillida Lekun).
Astigarragan, ekainaren 12an, 6ak bat, Neo, Deblauky eta Gabiltzanian taldeek kontzertua eskainiko dute, eta Zinegoak jaialdiko sei film labur jarriko dituzte Erriberan hilaren 26an.
Eta jarduera gehiago dituzte aprobetxatzeko urumearrek, kronika.eus webguneko Agendan ikusgai daudenak.