Igande eguerdian jokatu ziren, Astigarragako Foru Plazan, binakako bi aizkora txapelketa haundiren finalak: emakumezkoena, eta 23 urtez azpiko gizonezkoena. Ordezkari bana izan zuen bailarak bietan, Malen Barrenetxea hernananiarrarekin eta Igoin Pikabea ereñotzuarrarekin; eta txapelaren lehian bete-betean izan ziren biak.
Garaipena lortu zuen Barrenetxeak, Nerea Arruti urnietarrarekin batera. Hasi eta buka moztu behar izan zituzten lau enbor txandaka, eta lehia estua izan zuten Uxue Ansorregi eta Maika Ariztegi kontrarioekin; bereziki azkeneko enborrean korapiloa topatu zutelako, eta ordura arte lortutako abantailak ihes egin zielako. Baina minutu erdiko aldearekin nagusitu ziren azkenean.
Pikabeak, berriz, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, Mikel Santesteban zubietarrarekin batera. Estu hartu zituzten Oier Mitxelena eta Jakes Iruretagoiena 'Izeta V', baina altsasuarra eta zarauztarra nagusitu ziren azkenean, 23 segunduko aldearekin. Hiru proba osatu behar izan zituzten gizonezko gazteen lau bikote finalistek. Zutikako eta kolpekako lanak bukatuta, Jon Zaldua eta Joanes Izagirre 'Ipiña' nabarmendu ziren, baina ezinean aritu ziren lan luzean, eta aurrea hartu zieten denek. Espero bezala, azkeneko saio hori izan zen erabakigarria, eta Mitxelena eta Izeta V izan ziren onenak, aizkolari guztiei sekulako bultzada eman zieten ikusleen aurrean.
Aizkolariei, eta baita harrijasotzaileei ere, bazeukaten eta nahikoa ikusmin. Izan ere, igandean egin zuen debuta Xabat Ruizek, duela bi hilabete harrijasotzen hasi zen astigartarrak.