Igoin Pikabea eta Malen Barrenetxea, aizkora finaletan gaur Foru Plazan

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 31

Malen Barrenetxea aizkolari hernaniarra, San Isidro egunean.

'Izar berrien' binakakoan ariko da ereñotzuarra, eta emakumeen binakakoan hernaniarra.

 

Gizonezkoen 'Izar berriak' gazteen binakako eta emakumezkoen binakako aizkora txapelketen finalak jokatuko dira gaur, Astigarragako Foru Plazan, eguerdiko 12:30etatik aurrera. Gainera, aizkolari finalisten artean, Malen Barrenetxea hernaniarra eta Igoin Pikabea ereñotzuarra izango ditugu.

Nerea Arruti izango du kide hernaniarrak, eta Uxue Ansorregi eta Maika Ariztegi kontrario. Pikabearen kasuan, Mikel Santesteban izango du lagun, eta ondorengo kirolariak aurkari izango dituzte: Oier Mitxelena eta Jakes 'Izeta'; Jon Zaldua eta Joanes Izagirre 'Ipiña'; eta Unai Romairone eta Unai 'Osiñalde'.

Barrenetxea eta Arruti aurreko hiru jardunaldietan garaile eta sailkapenean lider izanda sailkatu dira finalera. Gaur aurkari dituzten Ansorregi eta Ariztegi, bi garaipen eta porrot batekin, bigarren sailkatu gisa pasa dira. Gizonezkoen kasuan, Urnietako finalerdian egin zuten aurrera Pikabea-Santesteban eta Zaldua-Ipiñak; eta Altsasukoan Mitxelena-Izeta eta Romairone-Osiñaldek.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!