Mariorratz txikia

Iñaki Mezquita Aranburu 2026ko maiatzaren 29a

Mariorratz txiki eme gaztea.

Ischnura pumilio

Ave Maria Parkean aurkitu daitekeen espezie txikienetarikoa da, bere senidea eta bizilagun duen Mariorratz iberiarra baino txikiagoa sarritan. Aitzindari deitzen zaien espezie horietako bat da, beraz ez da arraroa Ave Mariako urmael 'gazte' batean aurkitu izana, eta ugaltze froga ere izatea, uretatik ale sortu berriak (emergentzia burutu berriak) aurkitu baitira.
 

Ezaugarriak

Sorgin-orratz txikia da, eta bere luzera 26-31 milimetro artekoa izaten da. Mariorratz txikiaren emeak polimorfikoak dira, heldutasunean kolorazio berdeska edo urdinska izaten baitute. Gazteak direnean ordea kolorazio laranjatua dute denek, oso bizia, abdomenaren gainaldea beltza delarik. Arren toraxa berdeska izaten da, urdinskarekin nahasia ('turkesa' antzera). Arren abdomenaren amaieran 8. segmentuaren gainaldea erdizka da urdina eta beltza, 9.a, berriz urdina, Mariorratz iberiarren arrena ez bezala. Bi espezieak bereizteko modurik zuzenena hegoetako pterostigmei (ertzean dituzten 'orbantxo' horiek) begiratzea dugu, aurreko hegoetako pterostigmak handiagoak baitira atzeko hegoenak baino.

Mariorratz txiki arra.
 

Portaera eta bitxikeriak

Espezie urduria da, sorgin-orratzak direnez, landaredian pausatuta dauden harrapakinak ehizatzen dituzte. Horregatik, sarritan ikusiko ditugu landaredian 'kolpetxoak' joz, batetik bestera non pausatu jakingo ez balute bezala.

Estalketak oso luzeak izaten dira eta ailegatu daitezke gaua elkarri lotuta igarotzera. Arratsalde beroetan maizago ikusi daitezke estalketan osatzen dituzten bihotz zoragarri horiek.

HEDAPENA ETA UGARITASUNA

Mariorratz txikia oso zabaldua dago Europan (Eskandinavian ez badago ere) eta Asian (Mongolia barne), baita ere Madeira eta Azore bezalako irletan, Afrikako iparraldean ere bizi da.

Espezie arrunta da eta ez dago babestuta. Hala ere ez da ugaria gure lurretan.

HEGALDI EPEA

Martxotik urrira bitartean, klimatologia lagun badugu.
Espezie aintzindaria izanik, udaberrian maiz samar aurkitu daiteke, batez ere urmael gazteetan.

GEHIAGO SAKONTZEN...

Odonatuen hegoak

Sicorsky helikoptero egile ospetsuak beti onartu eta aitortu zuen bere diseinuak odonatuen hegan egiteko mekanikan oinarritzen zirela. Odonatuen hegaldia paregabea da. Badaude hegoak azkarrago mugitzen dituzten intsektuak, baita ere abiadura gehiago lortzen dutenak ere, baina odonatuen gaitasuna maniobrak egiteko eta beraien hegaldiaren eraginkortasuna paregabeak dira.

Aurreraka, atzeraka, airean pausaturik… ez dute mugarik. Lau hegoak independenteak dira, horregatik hego bat galduta, edo bi oso kaltetuta, hegan jarraitzeko gai dira. Energia aurrezteko gainera proteina baten laguntza dute (Resilina izenekoa), eta proteina horrek erretako energiaren % 90a inguru errekuperatzen laguntzen die (esate baterako, goma baten antzera funtzionatzen du –elastomerikoa baita-). Hegoak bi ehunen elkarketaz daude osatuta, zainez beterik, eta hegan turbulentziak sortzeko ez dira zapalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!