Herriartekoari hasiera emango dio Astigarragak gaur palaz, final laurdenetan, Azkoitiaren aurka

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 29a

Xabier Zubiarrain palista astigartarra.

Hernanik, bestalde, bihar jokatuko du eskuzko final laudenetako joanekoa etxean, arratsaldeko 17:30etan, Azpeitiaren kontra.

 

Gaur emango dio hasiera Herriartekoari Astigarragak, palaz. Azkoitiaren aurka jokatuko ditu final laurdenak. Joaneko partidua da gaurkoa, eta Azkoitian jokatuko dute, arratsaldeko 19:00etan. Pasa den urteko edizioko txapeldunak izan ziren astigartarrak, eta horrenbestez, final laurdenetan ekingo diote lehiari, final hamaseirenak eta final zortzirenak jokatu gabe. 

Eskuzkoan adinaren arabera bereizten dira hiru partiduak, baina palan modalitateka: binaka kantxa osoan, banaka kantxa osoan eta banaka zazpi barruan. Honakoak dira Astigarraga taldea osatuko duten palistak: Axier Salaberria, Axier Luluaga, Beñat Zubiarrain, Iker Laso, Xabier Goizueta eta Axier Larramendi.

 

Hernanik etxean bihar eskuz, Azpeitiaren aurka

Final zortzirenetan Aretxabaletaren aurka nagusitu ondoren, Hernaniko esku pelotariek Azpeitiaren aurka jokatuko dute bihar final laurdenetako joanekoa. Hernaniko kiroldegian izango da, arratsaldeko 17:30etan, eta herriko pelota elkarteak dei egin die herritarrei «frontoira azaldu eta taldea animatzeko». 

Zehazki, hauek izango dira herria ordezkatuko duten kirolariak: Oier Arsuaga eta Lier Zugasti kadeteak, Ekhi Oses eta Manex Alberdi jubenilak, eta Xabier Apaolaza eta Markel Lizega afizionatuak.

Aretxabaleta 6-0 menderatu zuten hernaniarrek, joaneko (Aretxabaletan; 3-22, 4-22 eta 10-22) eta itzuliko (Hernanin; 1-22, 6-22 eta 17-22) partiduen emaitzak batuta. Oraingoan finalerdietara pasatzea zailagoa izatea aurrekusten da, Azpeitia ere (Hernani bezala) txapela lortzeko faboritoen artean baitago. Azpeitiarrek zein hernaniarrek final zortzirenetan ekin zioten txapelketari, final hamaseirenak jokatu gabe.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!