Konektatuz ekimenaren edizio berri bat antolatu zuen Aspegik pasa den maiatzaren 21ean, Astigarragako Erribera kulturgunean. Beterri-Buruntza Mankomunitatearen, Laboral Kutxaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, emakumeen talentua ikusarazteko gogoeta espazioa sortu zuten bertan. Edizio honetan Beterri-Buruntza eskualdean jarri zen arreta, eta 70 pertsona baino gehiago bildu ziren esperientziak partekatzeko eta tokiko eremuan emakumeen lidergoari, ekintzailetzari eta talentuari buruz hausnartzeko.
Mahai-inguruan, Nerea Basurto Arraztio buru zela, eskualdeko sei emakume erreferente bildu ziren: Eider Manso, pertsonen garapen eta ongizateko kudeatzailea Bexen, Medicalen eta Ferdoux Estructurasen; María Magdalena Fernández, Magdastudio eta Neboa Home-ren sortzailea; María Herrero, Herrerokoreko gerentea; Norexis Carilin Orellana, Chimeneas Erre Berriko bazkidea; Silbia Roson, Laboral Kutxak Hernanin duen bulegoko zuzendaria; eta Sonia Valor, Baihome Higiezinen Zerbitzuen sortzailea.
Bertan izan ziren Unai Andueza Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen diputatua, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Maribel Vaquero EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea, Beterri-Buruntza Mankomunitateko lehendakaria, Patxi Ibarguren, eta lehendakariordea, Jose Mari Iparraguirre, baita hainbat udalerritako ordezkariak ere.
Parte-hartzaileek haien ibilbide profesionalak, gainditutako erronkak eta emakumeen lidergoari buruzko ikuspegia partekatu zituzten, eta Gipuzkoako enpresa-sarearen barruan laguntza-sareak eta gertuko erreferenteak sortzearen garrantzia nabarmendu zuten. Besteak beste, ondorengotza prozesua, ekintzailetasuna, talentuaren ongizatea, berrikuntza industrian eta migrazio prozesu baten ostean gure lurraldean integrazioa izan ziren hizpide. Amaitzeko, bertaratutakoen eta hizlarien
artean ideiak eta esperientziak trukatu zituzen, «giro hurbil eta parte-hartzailean».