Zita garrantzitsu zein polita jarri dute iganderako Astigarragan. Gizonezkoen Gazte izar berrien binakakoaren eta emakumeen binakakoaren aizkora txapelketen finalak jokatuko dira, Foru Plazan zehazki. Doakoa izango da emanaldia gainera, aizkolarien lanaz gozatu nahi duen horrek, beraz, bertaratu baino ez du egin behar, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 14:30etara.
Egunotan izaten ari garen tenperatura altuak jaitsi egingo dira, aizkolarien zein zaleen mesederako. Ez du euririk egingo gainera, beraz testuingurua paregabea izango da lehiaketaz gozatzeko. Eta hori gutxi balitz, bailarako ordezkariak izango ditugu bi txapelketetako finaletan. Zehazki, Igoin Pikabea ereñotzuarra izango da Gazte izar berrien binakako txapeldun bilakatu nahian, eta Malen Barrenetxea hernaniarra izango da emakumeen binakakoan.
Nerea Arruti izan du kide txapelketa osoan zehar Barrenetxeak, eta Pikabeak, berriz, Mikel Santesteban; nola ez, igandeko finaletan ere horrela izango da. Gizonezkoek Jon Zaldua eta Joanes Izagirre 'Ipiña' izango dituzte aurkari, eta emakumezkoek Uxue Ansorregi eta Maika Ariztegi.
Bide luzea egin dute finalera iristeko, aizkolariek
Bide luzea egin dute zortzi aizkolariek igandeko zitan egoteko. Barrenetxearen eta Arrutiren kasuan, ezin zuten ibilbide garbiagoa egin, jokatutako hiru jardunaldietan garaile izan baitziren, sailkapenean lider bukatuz, bederatzi punturekin. Finalean kontrario izango dituzten Ansorregi eta Ariztegi, bi garaipen eta porrot batekin, bigarrenak izan ziren sailkapenean.
Gizonezkoen kasuan, lehenengo kanporaketa fasean, bederatzi bikoteen artean seik egin zuten aurrera. Ondoren, sei horietatik hiru izan ziren Urnietako finalerdietan. Bertan, lehendabiziko proban, kolpekan, Zaldua eta 'Ipiña' izan ziren nagusi, 49 kolpetan amaitu baitzuten lana (Goikoetxea-Goena bigarren, 54 kolpe; Pikabea-Santesteban hirugarren, 57 kolpe). Behin betiko emaitzan, kolpe bakoitzak segundo bat izango balitz bezala zenbatzen da. Bigarrengoan, lan luzeko proban, Pikabea eta Santesteban izan ziren onenak, 13 minutu eta 22 segundo baino ez baitzituzten behar izan lana amaitzeko (Zaldua-'Ipiña' 15:21; Goikoetxea-Goena 16:13). Horrela, guztira, 15:58ko denbora egin zuten Pikabeak eta Santestebanek, 17:32koa Zalduak eta 'Ipiña'k, eta 18:38koa Goikoetxeak eta Goenak, lehen bi bikoteak izanik finalera sailkatu zirenak.