Ohiko deialdian egingo dituzte maiatzeko Plenoak, gaur arratsaldean, Hernanin eta Astigarragan. Ordutegia ere ohikoa da, 18:00etan Hernanin eta 19:00etan Astigarragan; baina ezohikoa izango da tokia astigartarren kasuan: Erribera kulturguneko erakusketa aretoan egingo dute, udaletxeko areto nagusia obretan dagoelako.
Hernaniko Udalak 13 puntuko gai-ordena izango du lantzeko. Horien artean daude hainbat udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren lizitazioa martxan jartzea, 2025eko kontu orokorraren onarpena, 2026ko aurrekontuan kreditu gehikuntzak egitea, edota Hernaniko Klima eta Energia Plan Integralari behin betiko onarpena ematea, besteak beste.
Astigarragako Udalaren kasuan, zortzi dira lantzeko gaiak; tartean, kale garbiketa zerbitzuaren kontratazio-espedientea onartzea, eta bi mozio: 2026ko Baxoaren azterketak euskeraz egitearen aldeko sostengu mozioa; eta DBH Orain plataformak aurkeztutakoa, Eusko Jaurlaritzari ikastetxearen obrak lehenbailehen hastea eskatuz. Hain juxtu, joan den ostiralean egin zuen argazki erraldoia plataformak, eskaera hori luzatzeko, Herri Eskolako patioan dozenaka herritar elkartuta.