Igandean jokatu zen Zegama-Aizkorri mendi maratoi ezaguna, eta Urumea bailarako zazpi korrikalari iritsi ziren helmugara. Sekulako marka jarri zuten Anartz Artola (4:06:07) eta Ander Amonarriz (4:09:20) hernaniarrek, eta 21garren eta 25garren sailkatu ziren, maila ikaragarria erakutsita. Laugarren eta seigarren euskal korrikalariak izan ziren.
Marka ederrak lortu zituzten Hodei Lujanbio (4:31:30) eta Aitor Aizkorbe (4:34:26) goizuetarrek ere, 73garren eta 84garren; eta baita Jokin Uzkudun hernaniarrak ere (4:46:13), 119garren. Cristobal eta Joxerra Hernandez anaiek osatu zuten bailarako ordezkaritza, biek ere Zegamako helmuga preziatura iristea lortuta: Cristobalek 6:41:02 denboran gelditu zuen kronometroa, eta 7:11:48 denboran helmugaratu zen Joxerra.