Hernaniko kultur ekipamendu berria lehen Urumea ikastola zenaren eremuan kokatuko da. Udaletik aiderazi dutenez, «kultur ekipamendua erreatitatea izan dadin, lehenengo fasean arkitektura estudioen ideia lehiaketa burutu da». Aurkeztu dituzten proposamenen artean, epaimahai profesional batek hiru aukeratu ditu.
Aukeratutako hiru horiek Biteri kultur etxeko Sukalde gelan izango dira ikusgai herritarrentzat. Ostegunean, maiatzaren 21ean izango da erakusketaren ekitaldi irekia, arratsaldeko 18:00etan. Momentu horretatik aurrera, eta ekainaren 11ra arte egongo dira hiru proiektu proposamenak ikusgai. Eta horien artean bozkatu ahal izango dute herritarrek.
Zehazki, Hernanin erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiek izango dute bozkaketan parte hartzeko aukera. Hernaniar bakoitzak, lehiaketarako aukeratutako hiru proposamenen artean, gustokoenetik gutxien gustatzen zaionera ordenatu beharko ditu. Botoa emateko, bost udal eraikinetan izango da aukera: Biterin, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan, kiroldegian, Kulturarteko Plaza Feministan eta Ereñotzuko Auzo Udalean. Horietako bakoitzean, herritarren iritzia jasotzeko boto-kutxak eta boto-paperak egongo dira.
Bozketan parte hartzeko epea maiatzaren 21etik ekainaren 11ra arte izango da, erakusketa bera ikusgai izango den bitartean, alegia. Epaimahai kualifikatu batek ere emango du bere ebazpena. Horrela, epaimahai profesionalaren eta bozketa herrikoiaren arteko baturatik erabakiko da zein izango den etorkizunean gauzatuko den proiektua. Ideia irabazlea aurkeztu duen arkitektura estudioa kultur ekipamenduaren proiektua idazten hasiko litzake momentu horretatik aurrera.