Erremontari Txapeldunen Txapelketako ligaxkako bigarren jardunaldiari ekingo diote bihar Galarretan, arratsaldeko 18:00etan. Atseden hartzea tokatzen zaie Endika Barrenetxea hernaniarrari eta Aldaberi.
Arratsaldeko lehenengo partidua Goikoetxea-Juanenea eta Segurola-Larrañagaren artekoa izango da, eta horien arteko irabazlea jakin bezain laster hasiko da bigarren norgehiagoka; Aritz Zubiri goizuetarra eta bere kide Ansa, Ezkurra eta Azpirozen aurka ariko dira.
Udalak sarrerak oparituko dizkie herritarrei
Hernaniko Udala txapelketaren babesle denez, sarrera kopuru bat jaso du, eta horietako parte haundi bat herritarren esku jarriko du. Kiroldegiko sarreran izango dira eskuragarri, eta pertsona bakoitzak bi hartu ahal izango ditu gehienez.